
Markina-Xemeingo eta Lesakako bertsolariak zein baino zein arituko dira zapatuan Buztarri tabernan. Joan den urteko azaroan alkartu ziren bertso eskola biak Lesakan, eta bueltako saioa izango dute Markina-Xemeingoa.
22:30 etan hasiko da desafioa.
Eskola bakoitzeko hiru bertsolari ariko dira kantuan, eta Markina-Xemeingo Bertso Eskolakoek jakitera eman dutenez, Lesakako saioan egon ziren bertsolarietako batek berak ere ez du errepikatuko. Oraingoan, Naroa Loiola, Eneko Arrate eta Xabat Galletebeitia izango dira ordezkariak. Lesakako bertso eskolako bik ostera, errepikatu egingo dute. Halan, Markina-Xemeinen egongo dira Eneko Fernandez eta Julen Zelaieta. Eurekin batera arituko da baita Josu Sanjurjo gaztea.
Epailerik ez da egongo, eta gai jartzailea Markina-Xemeingo bertso eskolako bertsolarietako bat izango da. Ohiko lana egiteagaz gainera, –ofizoka eta bakarka esate baterako–, ariketa bereziak ere egon ahal direla aurreratu dute Markina-Xemeingo Bertso Eskolakoek. «Lesakan ariketa bereziak egon ziren baina, gai jartzailearen arabera izango da», esan dute. Bertsolari bakoitzak ariketa bat egingo du.