Punta puntako lan eszenikoak, hurrengo hilabeteetan, Lekeition

Ikusgarriren erabilera zine emanaldietatik harantzago eraman nahi du udalak. Aretoa Euskadiko Antzokien Sarean onartua izan da eta horrek arte eszenikoen programazio trinko bat bermatu du. Horrela bada, 2014 urtea ekitaldiz beteta dator. “Euskal panorama eszenikoan punta-puntan kokatzen diren lanak ekartzea da asmoa, herrian eskaintza kultural erregularra eta kalitatezkoa emateko”, adierazi dute.
Aretoari erabilera anitza emateko Erabilera Araudia aurkeztuko dute laster. Zentzu horretan kultur talde eta erakundeekin harremanetan daude. “Lehenengo seihilabetekoan, esaterako, Potxuak Martxan emakume taldeak ikuskizun berezi bat prestatu du martxoaren 8rako. Aittitta Txiki kultur elkarteak ere bertso saioa antolatuko du aretoan Iparraldeko Haizeen ospakizunen barruan. Lekeitioko ikastolak, bestetik, Konfiantzaren pedagogiaren lehengo biltzarra antolatu du bertan maiatzerako, eta ikastetxearen 50. urteurrenera begira beste bi ekitaldi antolatu ditu”, aurreratu dute.
Euskadiko Antzokien Sareko lehen hiru ikuskizunen sarrerak salgai daude dagoeneko Kultur Etxean: Hamlet, Konpota eta KEU. Hamlet otsailaren 28an izango da Lekeition, Konpota eta KEU berriz, martxoaren 7an eta 15ean hurrenez hurren.