Mendi tontorrean, zaborra nora?
Naturguneetan zaborrontziak jartzea konponbidea izango litzatekeen galdetuta, zalantzak dituela azaldu du Orbek. «Ez dut uste konponbidea zaborrontziak jartzea denik. Animalia asko daude mendian, eta sastarrontzietatik janaria hartzen ikas dezakete; horrek naturaren oreka apur dezake». Naturaz gozatzeko natura errespetatu beharra ezinbestekoa dela esan du Orbek, eta zentzu horretan, zaborra bueltan ekarri beharra ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Eguzki taldeko Ibai Muñizek ere bere iritzi berekoa dela esan du. Hala ere, hondakin organikoak mendian lagatzea ez du begi txarrez ikusten talde ekologistako kideak. «Organikoak desegin egiten dira mendian, eta ez dute ingurumenean inolako kalterik eragiten ».
Merendero eta inguruetan zaborrontziak jartzearen inguruan kontrako iritzia azaldu du Muñizek. «Kasu gehienetan samarrontziak ez dira ondo kudeatzen, eta, ondorioz, luzaroan egoten da zaborra pilatuta». Konponbiderik onena, beraz, zaborra bueltan ekartzea dela uste du Eguzkiko kideak. «Ikusi besterik ez dago Saturraran inguruko zaborrontziek udan izaten duten itxura narratsa. Inor ez da zabor horiek biltzeaz arduratzen eta egunaren bukaeran zabor ugari batzen da bertan». Hari beretik, modu espontaneoan mendietan sortzen diren zabortegien kontrako salaketa egin du Muñizek. «Ondarroan, esaterako, Santa Klara eta Harri Handi lotzen dituen bide inguruetan zabor kiloak jaso izan ditugu». Sarri inguruko ortuetako zaborra izaten dela azaldu du Muñizek.
Kontzientzian eragin beharra Goi-Zale mendi taldeko kidea Eguzkikoa baino zorrotzagoa da mendian sortutako hondakinez aritzerakoan. Izan ere, hondakin organikoak mendian uztea ere ez du begi onez ikusten gernikarrak. «Gero eta ohitura handiagoa hartzen ari gara fruta-azalak ere bilduta bueltan ekartzeko; azken batean, denbora luzea behar dute lurrean desegiteko, eta zikin itxura ematen diote mendiari. Gainera, beste zaborrarekin batera ekartzea ez da hainbeste kostatzen». Arazoari benetako irtenbide bat emateko jendearen kontzientzian eragin behar dela uste dute Orbek eta Muñizek. Hori dela eta, mendia errespetatzeko ohiturak transmititu beharra nabarmendu dute biek. Gai horri lotuta, Aulestiko Udalak Santa Eufemi inguruan jarrita dituen zaborrontzi kopuruaren inguruko azalpena eman du. Jaien bezperetan zaborrontzi kopurua gehitu egiten du horien kudeaketaz arduratzen den Basalan enpresak. Ontzi gehiegi dauden edo ez pentsatzen jarri ez badira ere, aurrera begira landuko duten gaia izango dela zehaztu dute. Oibar Legarra Aulestiko zinegotziaren esanetan, «guretzat egokiena zaborrontziak kentzea eta jendeak zaborra herrira jaistea izango litzateke, baina, tamalez, hori horrela izango den bermerik ez daukagu. Horregatik, gaia behar den moduan landu behar dugula pentsatzen dut, eta aurrerantzean hartu beharreko neurriak zehaztu». Ez da lan erraza gai honen inguruko erantzukizunak eta betebeharrak zehaztea. Ohituretan eta kontzientzietan eragitean omen datza gakoak. Horren harira, pauso bat haratago doa Orbe eta zaborra ikusi eta batzen ez dutenen kontzientzian ere eragin beharra dagoela aipatu du. «Geure zaborra biltzearena nahiko barneratuta daukagu, baina, sarriegitan, zaborra ikusi arren, ez dugu jasotzen».
