Arrigorriko eraikina jatetxe eta ostatu modura ustitzeko ahalegin berri bat egingo du Ondarroako Udalak. Horretarako, establezimendua ustiatzeko administrazio emakidaren kontratazioa arautuko duen baldintza agirian aldaketa batzuk onartu dituzte osoko bilkuran.
Aldaketa horrek tarteko, udalak 158.400 euroko gutxieneko eskaintza ezarri du. Lehenengo eta bigarren urtean eskaintzaren %6,82 ordainduko da; hirugarren urtean eskaintzaren %8,35; laugarrenean %9,85 eta bosgarren urtetik hamargarren urtera arte, eskaintzaren %11,36. Administrazioa emakidaren epe osoa, izan ere, hamar urtekoa izango da, kontratua formalizatu eta hurrengo egunetik aurrera. Kontratua beste bost urtez luzatu ahal izango da.
Arrigorriren ustiapenagaz herrian ostatu hartzeko dagoen gabeziari irtenbidea eman nahi dio udalak. Joan den urteko udara orduko eraikina konpondu zen barrutik, martxan ipintzeko asmoagaz. Udalak 105. 000 euroko inbertsioa egin zuen: 63.000 euro Eusko Jaurlaritzako Itsaspen programatik jaso zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko programatik. Dena den, interesatu bakar batek aurkeztu zuen egitasmoa, eta bermea jartzeko momentuan, atzera bota zen.
Euskarazko zerbitzua
Baldintza agirian jasotzen denez, Arrigorri ostatuan euskararen presentzia ezinbestekoa izango da. Zerbitzua eta publizitatea euskaraz izango dira.