
Onintza Enbeita diputatua
Udal erreformak ekar ditzakeen murrizketak behin eta berriro salatu ditu Amaiurko diputatu Onintza Enbeitak (Muxika, 1979) Espainiako Kongresuan. Aplikatuz gero, ondorioak “latzak” izango direla ohartarazi du, eta udalen kudeaketa Espainiaren esku uztean, orain arte lortutako autonomia eta eskumenak galduko liratekeela dio.
Udalei ez ezik, zeintzu erakunderi eragingo die legeak?
Udalei, mankomunitateei eta udal izaera ez duten erakunde txikiagoei eragingo die; Arabako eta Nafarroako kontzejuei, esaterako. PPk dio lege horrekin zortzi milioi euro aurreratuko lituzketela, urtero. Baina hori ez da horrela. Espainiako estatuko udalen %95ak ez dauka zorrik, eta oso gutxi dira kudeaketa txarraren ondorioz arazo ekonomikoak dituztenak. Beraz, gure ustez, lege horren atzean boterea estatuan zentralizatzeko nahia dago. Legealdi hasieran esan zuten administrazioan erreformak egingo zituztela, eta udal erreformarekin hasi diren arren, harago joango dira. Azken batean, eskumenak lapurtuko dizkigute, Madrilgo gobernuari gero eta eskumen gehiago emateko, herrien autonomia murriztuz.
Eta Gobernuak nola kudeatu nahi ditu administrazio publikoak?
Legeak baremo batzuk ezartzen ditu, estatu osoa kontuan hartuta. 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalak, 5.000tik 10.000ra artekoak, 10.000tik 15.000ra… Beraz, zakuetan sartzen dituzte udal guztiak, biztanle kopuruaren arabera, eta herri horietako alkate eta zinegotziek izango lituzketen konpetentziak Gobernuak berak zehaztuko ditu. Legearen arabera, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenetan argindarra, ur hornidura eta zaborrak baino ez lirateke alkatearen eskumenekoak. Gainontzeko ardurei buruz idazkari kontu-hartzaileak erabakiko luke, edo estatuak berak izendatuko lukeen funtzionario batek. Hori anbiguo gelditzen da legean; izan ere, ez dago argi gaur egungo idazkariek hartuko luketen botere hori, edo estatuak berak izendatuko lituzkeen beste figura batzuek. Beraz, herriak berak aukeratutako hautetsiek barik funtzionario batek erabakiko luke Muxikan, Nabarnizen edo Ajangizen zein proiektu egingo den, edo, latzagoa dena, zein proiektu ez den egingo.
Gure ustez, lege horren atzean boterea estatuan zentralizatzeko nahia dago; azken batean, eskumenak lapurtuko dizkigute, Madrilgo gobernuari gero eta eskumen gehiago emateko, herrien autonomia murriztuz”
Zinegotzirik ez legoke udaletan?
Hor egongo dira, baina izango duten erabakimen eskumena gutxienekoa izango da; batez ere, biztanle gutxi dituzten herrietan. Adibidez, udal bateko alkate eta zinegotziek gizarte zerbitzuak kudeatu ahal izateko herri horrek gutxienez 30.000 biztanle izan beharko ditu. Gernika-Lumoren tamaina duen herri batek, esaterako, ez luke erraz izango gizarte zerbitzuak kudeatzea; oso gutxi, emergentziazkoak baino ez. Lege berria aplikatuz gero, etxez etxeko laguntza guk orain antolatuta dugun moduan –eskualdeko herriak biltzen dituen mankomunitatearen bitartez– mantentzea ez da erraza izango.
Zergatik?
Legea aplikatzen hasten direnetik epe bat izango dute mankomunitateek paperak eta kontuak aurkezteko. Gero, Gobernuak berak erabakiko du mankomunitate hori bideragarria den edo ez. Azken finean, hainbeste urtetan landu izan ditugun gizarte zerbitzuak pikutara joango lirateke.
Pribatizazioaren mamua ikusten duzue atzean.
Bai, horrek guztiak pribatizazioa ekarriko du berarekin. Zergatik? Oso sinplea da. Mankomunitate edo udalek kontu guztiak aurkeztu eta justifikatu beharko dituzte, eta Espainiako gobernuak erabakiko du gastu hori proportzionala den edo ez. Hala, herri batek gehiegi gastatzen duela erabakiz gero, aurrekontu hori murriztuko lioke estatuak, eta aurrekontu murritzagaz zerbitzu publiko hori eman ezinik, azpikontratazioetara jo dezakete, edo eskumen hori aldundiaren edo Jaurlaritzaren esku utzi. Beraz, bertoko herri txiki asko, adibidez, etxez etxeko zerbitzua eman ezinik geratuz gero, aldundiak edo Jaurlaritzak hartu beharko luke ardura.
Egoera horretan herritarrek ez lituzkete zerbitzu horiek gertukoak izango.
Herritarrek hurbilen duten instituzioa udala da; edonor joan daiteke eskatzen, entzuten… Aldundira joan behar badute, Bilboraino joan behar dute; beraz, ez dira joango. Eta Eusko Jaurlaritza urrunegi geratzen zaie. Beraz, herritarrei urrun geratuko zaizkie laguntza guztiak, baita aholkularitza zerbitzua ere. Bestalde, erakunde gutxiagoren artean zerbitzu berberak edo gehiago eman beharko dituzte; gainera, aurrekontuak kontrolatuta, Espainiak esango baitie zenbat gastatu. Beraz, zerbitzuak oso prekarioak izango dira, eta enpresa pribatuen esku geratuko direnez, beharginen lan baldintzak ere oso eskasak izango dira. Lea-Artibain eta Mutrikun hamahiru herri gara, eta hamahiru herriak gera gaitezke gizarte zerbitzurik barik. Hamahiru herriak aldundiaren esku geratuko lirateke, eta ezingo luke heldu herritarrengana udal bakoitza heltzen den modu berean.
Lege horrek, beraz, zerbitzu sozialengan eragin zuzena izango du. Baina zein beste arlotan eragingo du?
Zerbitzu sozialena da kezkagarriena, baina eragina zabalagoa izango da. Funtzionarioak murriztu daitezke, baina PPren legeak ez du ez hanka ez buru gero, beraiek, «mesede karguetan eta gobernuko aholkulariengan» inbertitzeko aurrekontua %14 igotzea onartu dutenean. Hau da, «hatzamarrarekin» aukeratutako postuetarako langileak bikoiztu egingo dituzte ia, eta udal funtzionarioak kendu gura dituzte. Ez da bidezkoa.
herritarrek aukeratu ez duten pertsona baten menpe geratuko lirateke erabakiak. Eta, gainera, ez dakigu pertsona horrek hizkuntza eskakizuna beteko duen”
Era berean, konpetentziak kenduta, parte hartzerako aukerarik ere ez legoke.
Zertarako parte hartu? Udal aurrekontuekin parte hartze prozesu bat zabaldu arren, botoz aukeratu ez duzun pertsona batek izango du azken erabakia… Hori herritarrentzat frustragarria da. Parte hartuz ere, gerora alkate eta zinegotziek ezingo dute ezer erabaki. Beraz, nor joango da botoa ematera? Azken batean, herritarrek aukeratu ez duten pertsona baten menpe geratuko lirateke erabakiak. Eta, gainera, ez dakigu pertsona horrek hizkuntza eskakizuna beteko duen.
Hizkuntza eskubideak bermatuko diren ere ezin esan, beraz.
Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian lege horrek aparteko kaltea egin dezakeela esango nuke. Legeak hainbat gauza jasotzen ditu, baina ez erabakitzeko eskumena izango duten kudeatzaile horiek nork aukeratuko dituen, zein baldintzatan… Badirudi estatuak berak izendatuko dituela funtzionarioak. Beraz, niri nork bermatzen dit Muxikako udaletxean %100ean erabakitzeko eskumena izango duen pertsona horrek ni euskaraz hartuko nauenik? Lege horrekin hemen hainbat urtetan berreskuratu ditugun eskubide batzuk desagertuko lirateke. Izan ere, hemengo udalek euskaraz funtzionatzen dute, hein handi batean.