
Lea-Artibaiko Gurutze Gorriko lehendakari karguan hiru urte daramatza Enaitz Bikandi Mugarzak (Ondarroa, 1989), boluntario modura. 16 urte zituenean hasi zen borondatezko lanean. Gurutze Gorriak ikastaro bat atera zuten eskualde mailan, eta lagun batzuekin batera izena eman zuen. Ate Irekietara joateko gonbidapena jaso zuten ostean, eta hantxe, anbulantzia eta ontzi tartean sortu zitzaion «harra». Bederatzi urte pasatuta, argi dauka zerk lotzen duen egiteko horretara. «Hau odolean eroan behar da», dio, uste osoz.
Edonola ere, asko aldatu dira gauzak azken urteetan. Iazko uztailera arte Gurutze Gorriak anbulantzia bat zuen Ondarroako portuan, lehorreko larrialdi kasuetan erantzuteko anbulantzia bat. 24 orduan eskaintzen zuen zerbitzua Ondarroako eta Berriatuko eremuan. 112 zerbitzuagaz koordinatuta zegoen, eta horrenbestez, Gurutze Gorriko langileak portuko egoitzan egoten ziren. «Uztailetik aurreraValladolideko enpresa pribatu batek kudeatzen du zerbitzua», azaldu du Bikandik. Aldaketa hori tarteko, Gurutze Gorriko eraikinean askotan ez da inor egoten. Ordutegi zehatzik ez daukate.
Gurutze Gorriak, hortaz, herriko eguneko zentrora jendea eraman eta jasotzeko zerbitzua eskaintzen du orain, bai eta eskualde mailako zerbitzu bereziak ere: arrantza lehiaketa, arraun lehiaketa eta ikuskizunetan «ziurtasuna bermatzen» dute. Eta larrialdien aurrean erantzuten dute, mendian eta itsasoan. Larrialdiren bat dagoen momentuan guardian daudenei dei egiten diete, eta martxan jartzen dira.
Itsas salbamenduan eremu zabala zaintzen dute: Ean hasi eta Zumaiako errekarainoko eremuan eskaintzen du Ondarroako Gurutze Gorriak babesa, eta handik itsaso zabalerantz 12 milia arteko eremuan. «Itsas salbamenduaren eta SOS Deiak-en menpe daude gure irteerak, eurek aktibatzen dituzte, batak zein besteak». Hartara, itsasoan larrialdi bat dagoenean, abisua jasotzen hirugarrenak dira. «Itsasontzi bat lehorretik hurre hondoratzen badago, lehenengo Ertzainak bidaltzen dituzte, eta haiek ikusten dute zer behar den. Jarraian abisatzen digute guri, eta erreskatean zeintzuk parte hartuko dugun esaten digute».
Alerta gorriak
Olatu handiengatik egon diren alerta eta alarmen aurrean, lan taldea indartu beharrean egon dira. Eta irteera bat baino gehiago egin behar izan dute: joan den urtarrilaren 6an, Ispasterko Ogella hondartzan sartu zen surflari bat, eta ezin irtenda geratu zen. «Geuk irten genuen erreskatera, eta Ondarroatik Ispasterrera, halako denboraleagaz, ordubete behar izan genituen ailegatzeko. Eguraldi onagaz, hogei bat minutu behar dira». Itsasoa oso zakar zegoen. «Bi lankidek Lekeitiora sartu zuten itsasontzia, baina ezin izan zuten handik atera». Surflaria onik atera zen.
Urtarrilaren 28an ere larrialdi protokoloa ipini zen martxan. Egun hartan 43 urteko gizonezko bat bota zuen olatu batek uretara, Ondarroako portu puntan zegoenean. Alarma gorria zegoen ezarrita, eta itsasoa oso haserre zegoen. Egun hartan larrialdi deia jaso baino arinago hasi ziren martxan boluntarioak. Izan ere, Bikandi Calatrava Zubian zegoen portuan mugimendua ikusi zuenean, eta egoitzara joan zen segituan, eta erreskaterako prestatu. «Abisua jasotzen dugunetik 20 minutu edukitzen ditugu portuko egoitzara joan eta itsasontziagaz irteten hasteko», zehaztu du. «Ertzainek esan zidaten gizonezko bat zegoela uretan. Itsasoko ekipoa jantzi eta irtetzen geundela jaso genuen abisua». Erantzun azkarra eman bazuten ere, ez eurek, ez Osakidetzako medikuek ezin izan zuten ezer egin gizonezkoaren bizitza salbatzeko. Eta erantzun azkarra emanda ere, herritar batzuen kritikak jaso dituzte: «Minik handiena ematen dizu ahal denik eta ondoen egin, ahalik eta arinen joan, eta kritika horiek entzun beharrak». Gurutze Gorrian boluntario gutxien daroanak ere «denbora bat» daroala azaldu du, «tamalez» horrelako lehen gertaera ez dutela nabarmenduta. «Ez dugu esango ohituta gaudenik, baina gure lanaren parte da, eta gutxiago edo gehiago, egin egiten zara. Ez zarena ohitzen da kritiketara».
Guztia ez da, baina, txarra izaten, eta musutruk egiten duten lana eskertzen dutenak ere badaude, «funtzionamendua ezagutzen dutenak», zehaztu duenez: «Portuko beharginak, armadoreak eta herriko jendea ere etorri zaigu eskerrak ematera. Hori bai eskertzen dela». Izan ere, egiten duten lana ez da txantxetakoa. «Halakoetan nahikoa da hutsegite bat gure ontzia 8.000 buelta emanda, haitzetan agertzeko».
Orain momentuan 25 boluntario daude Lea-Artibaiko Gurutze Gorrian. Familia handi bat osatzen dute, eta ondo moldatzen dira txandak egiteko. Baina ez dira nahikoak. «Etorri, ezagutu funtzionamendua, eta animatu boluntario izatera. Beti gara gutxiegi; bihar, etzi eta datorren astean ere gutxiegi izango gara».
Etorkizunera begira, zerbitzua profesionalizatu beharko litzatekeela iritzi dio, anbulantzia zerbitzuagaz egin zen legez, «sortuz doazen premiei erantzuteko».