
Lanuzteak deitu dituzte anbulantzietako langileek
Gaur hasi eta martxoaren 10a bitartean lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko anbulantzietako langileek. Langile Sindikal Batasuneko (LSB) arduradun Luis Lagok azaldu duenez, hitzarmenaren ultraktibitatea errespetatzeko exijitu nahi diete enpresei eta administrazioari: “Negoziazioak hasi genituen irailean, baina Bizkaiko anbulantziak kudeatzen dituzten bi enpresa nagusiek –Ambuiberica eta Bizkaiko anbulantziak UTEa– negoziazio mahaia utzi egin zuten abenduaren 23an”. Anbulantzietako langileen lan balditzek okerrera egin dutela kritikatu du LSB sindikatuak; dioenez, “urtarrileko nominan soldata %9 murriztu diete, eta lan erreforman oinarrituz, hitzarmen estataleko baldintzak aplikatuko dizkietela jakinarazi diete langileei”.
Busturialdean eta Lea-Artibain dauden anbulantziak lanean dira, zerbitzu minimoak bete behar dituztelako. Hala ere, bi eskualde horietako langileek ere grebarekin bat egin duela azaldu du Lagok: “Jakin badakigu pazienteen osasunarekin jokatzen ari garela, eta zerbitzu minimoak guztiz errespetatuko ditugu”.
Otsailaren 17an, 21ean, 24an eta 28an zein martxoaren 3an eta 7an egingo dituzte lanuzteak. “Negoziazio mahaia deitzeko eta akordio batera heltzeko dei egin nahi diegu bai anbulantzien kudeaketaz arduratzen diren enpresei zein enpresa horiek azpikontratatu dituen Osasun sailari”. Hori egin ezean, greba mugagabea hasiko dute martxoaren 10ean.
Akordiora heltzeko deia egin du Osasun Sailak
Anbulantzietako langileek hasitako lanuzteak direla eta, Osasun Sailak publikoki eskatu die esleipendun enpresei langileen ordezkariekin negoziatzen hasteko, “kalitatezko zerbitzua bermatzeko eta langileen eskubideak errespetatuko dituen irtenbidea bilatzeko”. Gogorarazi du lehiaketa publikoan zehaztutako baldintzak bete behar dituela administrazioak. Hala, gatazka konpontzearen alde dagoela esan du Osasun sailak, eta enpresen gaineko segimendua “zorroztu” egingo duela zehaztu du, “kontratua betetzen dutela eta herritarrek zerbitzu ona jasotzen dutela bermatzeko”.