Andoaingo IX. Piano Jaialdian parte hartu dute mutrikuarrek eta berriatuarrek
Ondokoak izan dira Mutrikutik joan diren ikasleak: Josu Yurrita, Marko Yurrita, Araia Otaño, Ane Rivas, Veselina Dimitrova, Xuban Gorostola, Ainhoa Arreitunandia, Nahia eta Alaitz Velez de Mendizabal eta Irune Chacon. Parte hartzeaz gain, lorpenak ere eduki dituztela jakin eragin dute Mutrikutik. Horrela, maila desberdinetako hamarreko talde horrek, urrezko domina bat, zazpi zilarrezko eta brontzezko bi lortu dituzte.
Mutrikuarrek urrezko domina bat, zazpi zilarrezko eta brontzezko bi lortu dituzte; berriatuarrak ere ez dira bueltatu esku hutsik, guztiek lortu dituzte dominakBerriatuarrek ere «maila ona» erakutsi zutela esan dute Tarine musika eskolako arduradunek. «Ikasleek edertotxo jo zuten euren errepertorioa eta guztiek lortu dituzte dominak». Baina lorpenez gain, ikusleen aurrean jo izana nabarmendu nahi izan dute eskolako arduradunek. «Ohituta ez dauden egoera baten eta horrenbeste jenderen aurrean jo izana da garrantzitsuena». Izan ere, mutrikuarrek eta berriatuarrek ikusle askoren aurrean jo zuten. Pianojoleei dagokienez, 800 baino gehiago zirela esan dute Mutrikutik. Asteon Galdakaon Joan den asteburuan Andoainen parte hartzeaz gain, asteon, beste hitzordu bat daukate berriatuarrek. «Aurreko urtean egin legez, aurten ere Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak (EHME) eta Galdakao-Usansoloko ospitaleak elkarlanean antolatutako ekintzan parte hartuko dugu berriatuarrok». Elkarlan horri jarraituz, barikuan, hemodialisi eta eguneko osptialean saioak eskainiko ditu Berriatuko Tarine eskolako Haxe taldeak. Hemodialisi zerbitzuan 10:30ean eskainiko dute emanaldia, eta 11:30ean eguneko ospitalean. Bi emanaldiak 30 minutuko iraupena edukiko dutela aurreratu dute Osakidetzatik. Hitzaremenaren arrazoiak ere azaldu dituzte Osakidetzako arduradunek. «Musikak eragin positiboa eta onuragarria du pertsonen osasunean». Beraz, Andoainen dominak eskuratu eta gero, berriatuarrek Galdakaoko ospitala bisitatuko dute barikuan, eta bertan dauden gaixoei musika emanaldia eskainiko diete.
