
Gernikaldea zentroa, larrialdi zerbitzuak
Gernikaldea osasun zentroaren azpiegitura berriaren funtzionamenduari buruzko informazio zehatza eskatu dio Rebeka Ubera legebiltzarkideak Osasun sailburuari. Izan ere, “
profesionalek, gaixoek eta horien senitartekoek jarritako kexa piloa” dela eta, hainbat gauza argitzeko eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak. Larrialdi zerbitzuan pediatrarik ez traumatologorik ez izatea kritikatu du Uberak, eta horrek arazoak eta eragozpenak sortzen dituela esan du. Gainera, larrialdi zerbitzuetara doazen gaixoek “denbora luzean” itxaroten egon behar izaten dutela esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.
“
Giza baliabide urriak, espezialisten gabezia eta laborategian dauden azpiegituren funtzionamendu desegokia” dira, EH Bilduren iritziz, ohikoena Gernikaldea osasun zentroan. Hala, datu zehatzak jakitera emateko exijitu dio koalizioak Darponi: etxeko ospitalizazio zerbitzuaren bidez artatutako gaixo kopurua; Galdakao eta Gurutzetara bideratutako larrialdi kopurua; programatutako TAC eta ECO kopurua; larrialdietan eskatutako ECO kopurua; neurologia atalean egindako kontsulta kopurua; profesionalen kopurua eta perfila eta zentro horretan dauden gainontzeko giza baliabideak. Halaber, epe labur-ertainera zentro horrekiko dituen asmoak argitzeko ere eskatu dio Uberak Osasun sailburuari.