Mikel Garaialderen zaldia izan da Kintxopeko zaldi eta mando probetan untza gehien egitea lortu duena. 76 untza 3/4, hiru metro eta 35 zentimetro egin ditu Urnietakoaren zaldiak, bigarren sailkatuak baino untza bat gehiago.
Beste behin ere, herritar ugari batu da Ispasterko XIX. Kintxopeko Zaldi-Mando probetan. Hamaika zaldi izan dira lau egunetan zehar lehiatu direnak.
Barikuan hasi zuten 11 zaldi horiek norgehiagoka eta astelehen gauean eman zioten amaiera aurtengo zaldi-mando proben sariketari: barikuan Beide anaiak, Fontaneria Zalbide, Belaustegi eta Maider Uriarteren zaldiak aritu ziren lehian, eta gainontzekoak zapatu, domeka eta astelehenean, egun bakoitzean hiru zaldik parte hartu dute.
Iaz Juan Uriarte aulestiarraren zaldia nagusitu bazen ere, aurten Garaialderenak egin du, eta horregatik, 750 euro, manta eta txapela jaso ditu.
Domekan Aulestin
Domeka honetan ostera, Aulestin Euskal Herriko Zaldi- Mando txapelketako probak egingo dituzte . Parte hartzaileek, 900kiloko Aulestiko Harri Barriari tiraka ibili beharko dute. Proba 18:00etan hasiko da baina aurretik 17:00etan zaldien pisaketa eta zozketa egingo dituzte. Hiru zaldik parte hartuko dute Aulestiko proban. Besteak beste, Koba, Erauzkin eta Maider Uriarteren zaldiak izango dira Euskal Herriko txapelketan lehiatuko direnak.
Sariei dagokienez, untza gehien egitea lortzen duenak, 750 euro , manta, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak,700 euro eta bi pentsu saku eta hirugarrenak 650 euro eta bi pentsu saku.
Abereen oinarrizko pisua, 400 kilokoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek eta beraz, goranzko kilo bakoitzeko kiloko karga hartu beharko dute parte hartzaileek.
Sailakapena
- Mikel Garaialde (Urnieta). 76 untza 3/4, 3 metro eta 35 zentimetro.
- Etxeberri (Itziar). 76 untza eta metro bat.
- Beide Anaiak (Etxeberria). 75 untza 3/4, metro bat eta 65 zentimetro.
- Imanol (Orio). 75 untza.
- Egoitz Zubiaga (Berango). 70 untza.
- Fontaneria Zalbide (Urduliz). 69 untza 3/4, metro bat eta 55 zentimetro.
- Belaustegi (Berriatua). 68 untza 3/4, sei metro eta 40 zentimetro.
- Fermin Santamaria (Guriezo). 67 untza.
- Maider Uriarte (Aulesti). 64 untza.
- Itxaso Arruti (Asteasu). 54 untza hiru metro eta 84 zentimetro.
- Arriola Jatetxea (Berriatua). 42 untza lau metro eta 90 zentimetro.