Bengolako musealizazio beharrak amaituta daudela baieztatu du Mikel Ansotegi Lea Ibarra Mankomunazgoko lehendakariak. Hori dela eta, museoa martxoan zabaltzeko asmoa azaldu du proiektua kudeatuko duen Txipli txapla enpresak. Hasiera batean, bisitak egokiak diren ala ez ikusteko, Amoroto, Aulesti eta Munitibarko eskolako ikasleek bisitatuko dute interpretazio zentrua. Bisita horien ostean, bertoko bisitarien iritziak jaso eta beharrezkoak diren aldaketak egingo dituzte. «Proiektua berria da eta gauza batzuk zehazteko daude oraindik. Hori dela eta, Lea Ibarreko ikasleen iritziak jaso gura ditugu bisitak ikasleen beharretara egokitzeko» esan du Olga Dolaraga Txipli Txapla enpresako kideak. Bertoko eskolakoen bisiten ostean, aldaketak egin eta martxoaren erdialde inguruan beste ikastetxe eta norbanakoek ere Bengola ezagutzeko aukera izango dute. «Aste barruan ikastetxeekin hitzartutako bisitak egingo ditugu baina asteburuetan bertokoentzako eta kanpokoentzako eskaintza zabaldu nahi dugu» azaldu du Dolaragak.
Energia berriztagarriak eta Lea Ibarrako bost herriak izango dira Bengolan landuko dituzten gai nagusiak. Eraikina bi solairutan banatuta dago dago. Beheko solairuan, harrera, tailerrak egiteko gela eta kanpotik datozen bisitarientzat bazkaltzeko egokitutako gunea daude. Bertan, gune arkeologikoa ere badago, eta burdinola zaharren aztarnak jaso dituzte.
Lehenengo solairua lau gela ezberdinetan banatuta dago. Energi natural eta berriztagarrien gelan, energia eolikoa, eguzki energia, geotermikoa eta hidraulikoa landuko dituzte. Gari errota eta burdinolari buruzko informazioa biltzen du bigarren gela bat ere egongo da Munitibarko interpretazio zentruan. Gela handienean berriz, ibarra eta ordezko energiari buruzkoa izango da. Gela honetan, Lea ibarra osatzen duten bost herriak gertutik ezagutzeko aukera izango du bisitariak. Azkenik, gela txikiago batean, energia naturalen iragana eta oraina aztertu dituzte.
Erabilera anitzeko parkea
Museoaz gainera, egoitzari lotutako parkea ere erabiligarri dagoela gogora ekarri du Dolaragak. «Energia berriztagarrien parkean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lehen aldiz ezarri ziren eolikoak eta eguzki erlojuak daude. Horrez gain, Zehl japoniar motako lorategi eremua ere parkean egongo da ikusgarri.»Lorategi honen diseinatzaileak Lea Ibarreko bost herriak irudikatu nahi izan ditu lorategiaren bitartez».
Museo batek eskaintzen dituen ohiko bisitez gain, beste eskaintza bat egin gura dute Txipli txaplako kideek. «Asteburuetarako tailerrak eta ekintzak zehazten ari gara, energia berriztagarrietan, naturaren errespetuan eta birziklapenean oinarritutakoak». Horren harira, bertoko bizilagunentzako egokiak izango diren ekintzak antolatuko dituzte Bengolan. Tartean, erreka garbiketak, konposta eta birziklapen ikastaroak, zuhaitz landaketak…