Euskararen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak
Euskararen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak zapatu goizean. Goi mailako hiru hizlariren bitartez, euskararen inguruan hausnartzeko tartea egongo da. Euskaraz, bestela ez gara jardunaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira Kultur Etxean eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo dute. Hitzaldiz hitzaldi ateak zabaldu eta 15 minutuko tarteak izango dira. Lekeition euskararen erabilerak izan duen beherakadaz kezkatuta antolatu den ekimenetako bat da.
Fermin Etxegoien artikulugile, idazle, kazetari eta irrati esatariak euskararen erraztasunaren mitoaren inguruko hausnarketa plazaratuko du; Jon Sarasua Maritxalar bertsolari eta Arrasateko HUHEZIko irakasleak Hiztunpolisaz berba batzuk eskainiko ditu, eta azkenik Joxerra Gartzia euskal idazle, kazetari eta EHUko irakasleak sinplea dirudien galdera batekin hasiko du bere solasaldia: Zertarako balio du euskarak?
Solasaldien ondoren, 13:00ak aldera, hiru hizlarien arteko mahai-inguruari ekingo zaio.
14:00etan amaituko dira jardunaldiak.