Lekeitioko Eskola Publikoko kolorinetako eraikinaren teilatua berritzen eta terrazetako oihal asfaltikoa aldatzen hasiko da, hurrengo hilebeteetan, Lekeitioko Udala. Konponketa lanetarako diru laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Bai eta Iturriotz ikastetxea handitzeko ere. Irailean hasiko dira lanak.
Azken hilabeteetan hainbat lan egin ditu udalak eskola publikoan: leihoak konpondu eta gimnasioan ura ez pilatzeko lanak besteak beste. Eskola Publikoagaz gainera, Iturriotz ikastetxean ere hobekuntzak egin nahi dituzte. «Iturriotz ikastetxearen urteetako eskaria da handitze lanak aurrera eramatea», azaldu dute. Hori dela eta, udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz bildu dira eta ikastetxearen egoera «tamalgarriaz» berba egin dute. «Hezkuntza Sailak, lehentasunezko egoera moduan hartu du, eta irailean hasiko dira lanak», jakitera eman du udalak.
Handitze lanek urte eta erdi iraungo dute.