Milioi bat euro baino gehiago beharko dira itsas denboraleak sortutako kalteak konpontzeko
Kalteak jasan dituzten herrietako alkateek berba egin dute. Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ere bai. Horrela ba, otsailaren hasieran gertutako itsas denboraleak eragindako kalteak konpontzeko hasierako zifra mahain gainean dago: 1.001.000 euro. Mendexan 500.000 euro beharko dira Karraspio hondartzako pasealekua konpontzeko. Ondarroan, ostera, 365.000 eurotan baloratu dituzte kalteak (gaztetxea, udal liburutegia eta errepide publikoak -pasealekua, hondartzako moila…-). Mutrikun 136.000 euro beharko dira Saturraran hondartzari itxura emateko.
Lekeition oraindik ez dute zehaztu kalteen konponketarako zenbat diru beharko den.
Joan den barikuan batzartu ziren kaltetutako herrietako ordezkariak Ana Oregi sailburuarekin eta Aldundiko ordezkariekin. Edonola ere, zifra ez dela nolahalakoa eta konponketa lanek luze joko dutela esan dute guztiek. Hori bai, lanak udaberrira begira egingo direla esan dute.