Ondarroako Udalak herri hizkera lantzeko proiektu multimedia bat sortzeko kontratazio bat abiatu du
Udal euskara sailaren ekimena da. Helburua erabilera ludikoa lantzeko eduki multimediaz osatutako aplikazio elkarreragile bat diseinatu eta sortzea da, “Ondarroako euskararen herri hizkeraren erabileran eragiteko, hizkera prestigiatuz, herriaren nortasuna indartuz eta, batez ere, herritarren gozamenerako”.
Gazteei zuzendutako proiektua izango da: 15 urtetik 35 urte bitarteko ondarrutarrengana zuzenduko da. Elementu ludikoen bidez eta jolasaren bidez heldu nahi da hartzaileengana, eta haiek izatea aplikazioaren benetako protagonistak.
Oraindik orain, kontratazioaren nondik norakoa aztertzen dabil udal euskara batzordea; baina interesa duenak argibideak nahi izanez gero, udal euskara sailera jo dezake.