2014rako aurrekontuen lehenengo proposamena aurkeztuko du Lekeitioko Udalak, martitzenean 19:15ean, Barandiaran aretoan. Joan diren aurreko bi urteekin konparatuta, aurtengo aurreikuspenak hobeak direla aurreratu du udalak. «Lehenengoz bi urtetan, bilketa igo da, eta ondorioz, diru sarrera gehiago ditugu».
Inbertsioak egiteko aukera zabalagoa izango dute, beraz, eta inbertsioak herritarrei zuzenean eragiten dieten azpiegitura edo zerbitzuetara zuzenduko dira. «Barrura begirako garapena bilatzen dugu, herritarren bizi kalitatea hobetzea da gure apustua», dio Udalak.
Abaroa eraikinean esku hartzea, ondarearen zainketa eta hiri edertzera begirako neurriak hartzea, kiroldegian eta eskolako eraikinean beharrezkoak diren konponketak egitea, negurako aterpe bat egitea edo gazteentzako eta kultur edo kirol taldeentzako azpiegituretan inbertitzea dutela asmoa adierazi dute.