Beste behin ere bisitari berriak ditugu Lea-Artibain eta Mutrikun. Itsas txakurrak izan ziren lehenak, eta bestelako espezie ezberdinak etorri ziren atzetik. Orain, ostera, kaio hegalzuriak ikusi ahal izan dira Ondarroan. Adituen esanetan, otsailaren 2ko itsas denboralea da bisita berezi horien arrazoia.
«
Arraroa eta ezohikoa da kaio mota hori gure kostaldean ikustea, Artikoko espeziak baitira. Hemendik oso urruti bizi eta hazten dira, hotz handiko lekuetan. Hain zuzen ere, hotz eta itsaso denborale bortitzek ekartzen dituzte hona», azaldu du Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia arduradun Juan Arizagak.
Arrazoi bat edo beste tarteko, kaio hegalzuriek sortu duten ikusmina handia izan da. Horrela,azken egunetan, itsas biologoak, ornitologoak eta argazkilariak Ondarroan kokatu dira, kaioak aztertzeko eta irudietan jasotzeko.
Elurra dute lagun kaio hegalzuriek. Alegia, elurra gustatzen zaie. Eta Kanada ipar-mendebaldena, Baffin uhartean eta Groenlandian bizi dira, batez ere. Groenlandiako kaioa ere deitzen badiote, izatez, haren izen zientifikoa Larus galucoides da.
Kaio arruntak eta hegalzuriak
Kaio guztien artean bereizketa egitea zaila dela diote adituek. Izan ere, lehen begiratuan berdinak dirudite. «Bi berezitasun dituzte kaio hegalzuriek, gurean ohikoak diren kaioen aldean: batetik, luma zuriagoak dituzte, eta hegalen amaieran ez dituzte arrasto beltzak, hemengoek bezala; bestetik, hankatxo arrosak dituzte, eta hemengoek horiak».
Kaio hegalzuriek jaten dutenari dagokionez, arrainak eta itsaskiak dituzte gustoko.
Gaur egun 190.000-400.000 kaio hegalzuri daude zenbatuta. «Oso kopuru txikia da. Gainera, Artikoko izotz plakak gero eta gehiago urtzen ari dira. Beraz, kaio mota hori ez ezik, inguru horietan dauden espezie gehienak daude desagertzeko arriskuan». Errealitate horren aurrean, klima aldaketa eragiten duten faktoreei aurre egitera deitu du Arizagak. «Zoritxarrez, herrialde garatuenak oso urruti daude ezarritako helburuak betetzeko».
Kaio horiek Ondarroan nolatan agertu diren galdetzerakoan, klima aldaketa da erantzuna. «Itsas denboraleek oso denbora gutxian ekartzen dituzte inguru hotz haietatik Kantauri itsaso ingurura. Eta klima aldaketak eragindako tenperatura igoeren ondorioz, gero eta zailagoa izango da halako espezieak inguru hauetan ikustea».
Iparraldera begira
Izan ere, espezie horiek gero eta iparralderago joaten ari dira. «Argi dago egunen batean iparralde hori amaitu egingo dela. Ikusteko dago zer gertatuko den».
Momentuz, kaioak Ondarroa inguruan ikusi dituzte, baina baliteke bihar edo etzi, haruntzako edo honuntzako agertzea. Beraz, orain arte kostaldeko herritarren begiak kaioei begira jarriko dira, adi-adi, kaio hegalzuria ikusteko esperantzarekin.

Kaio polarra