Martxoaren 8 emakumeen nazioarteko eguna, eta Gallardonek proposatutako abortuaren legearen aurreproiektuari buruzko mozioak aurkeztu dituzte Aulestin, egindako osoko bilkuran.
Abortuaren legearen aldaketa salatzeko mozioa Aulestiko Udaleko Berdintasun Batzordeak eta Zemendia emakume elkarteak eraman du udalera. Mozio honetan, PPk aurkeztutako legearen aurreproiektua gaitzesten dute, besteak beste, emakumeen eskubideak urratzen dituelako eta atzerakoia delako, hori dela eta, legea bertan behera geratzea eskatu dute Aulestin.
Horrez gain, abortua despenalizatzea ere aldarrikatu dute. Gainera, emakumeen sexu-ugalketa eskubideak bermatzea exijitu dute, horretarako hezkuntzaren maila guztietan sexu eta afektu hezkuntza ezartzea beharrezkoa ikusten dute, beti ere, ikuspuntu feminista batetik egindako lanketa baldin bada. Antisorgailuei buruz informazioa helaraztea ere beharrezkoa ikusten du berdintasun batzordeak eta Zemendia emakume elkarteak, eta informazio hori

doakoa eta eskuratzeko erraza izan dadila gura dute.Profesionalen lana babestea ere garrantzitsua dela pentsatzen dute «Emakumeok gure eskubideak erabili ahal izateko bermea eskatzen dugu, profesionalek beraien lana egin ahal izateko» azaldu dute aipatutako mozioan.
Lege atzerakoia
«PPk aurkeztu duen lege berriak 1985 urtea baino lehen ezarritako eredura eramango gaitu» salatu dute Aulestiko osoko bilkuran. Gainera, egoera horrekin abortua ez dela desagertuko azpimarratu dute Zemendia emakume elkarteak eta Berdintasun batzordeak aurkeztutako dokumentuan. «Klase sozialen araberako abortua agertuko da berriro ere, eta horrek, baliabide urriak dituzten emakumeenganako diskriminazioa areagotuko du» azaldu dute. Gainera, emakumeak abortu klandestino eta arriskutsuak egitera behartuak egongo direla gaineratu dute.
Udalean ere lanean
Aulestiko Bilduko zinegotziek ostera, emakumeak orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari direla salatu dute, osoko bilkuran aurkeztutako bigarren mozioan. Aulestiko Udaleko zinegotziek emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu dutela, lanean jarraitzeko konpromisoa adierazi dute, besteak beste, aurrekontuetan, berdintasun politikak sustatzeko diru partidak gordez, udal kudeaketan berdintasun ikuspuntua txertatuz eta emakumeen elkarte eta mugimendu feministarekin harremanak indartuz.Hori dela eta, herritarrak martxoaren 8an, 20:00etan Aulestiko plazan egingo den kontzentrazio eta ekintzetan parte hartzera deitu dituzte.