
Atzoko udalbatzar berezian onartu zen udal aurrekontua
Udalaren zorpetze maila txikituta eta Ogasun Sailaren onespen osoarekin, 5.825.955,36 euroko aurrekontua onartu du Mutrikuko Udalak, iazkoa baino %6,23 handiagoa, Bilduren aldeko eta EAJ eta Berdeak+Independienteak taldearen ezezko botoekin.
«Gure tamainako herriek milioi 1 edo 2 milioi euro gehiagoko kopuruak maneiatzen dituzte, baina gure sarrerak dira direnak», azaldu zuen Joseba Palenzuela alkateak aurrekontuen berri ematean. «Funts foralaren kapitulura doa aurrekontu erdia baino gehiago, 2.916.000 euro. 2008tik itzulketak egin behar izan dira: aurten itzulketa 38.842 eurokoa izango da».
Iaz egin bezala, zuhurtzia printzipioei lotuta egin dira aurrekontuak: gastuak findu dituzte, eta horretan segituko dutela aurreratu dute. Sarrera arrunten baitan, bataz beste, %6,99ko igoera egon da: 359.000 euro gehiago izango dira, hortaz. Bestalde, 195.589 euroko mailegua eskatzea aurreikusten zen, baina mailegu hori ekidin egingo da soberakin positiboa erabiliz.
Zor bizia, ia 15 puntu behetik
Mutrikuren zorpetze maila jaisten doala azpimarratu du Palenzuelak: zor bizia, balio erlatiboa kontuan hartuta, 4.284.479 eurokoa da –%80,20–; plan ekonomiko-finantzarioan %95,68koa izatea aurreikusten zen. Abenduaren 31rako 3.611.415,58 eurora heltzea esperoten da –%67,60–; planean %80,40 aurreikusten da. Mutrikuren zorpetze maila %14,48koa da. «2011n %118koa zen zor bizia». Eta 2015. urtearen erdialderako zor bizia %60tik behera joango dela pentsa daiteke. «Legealdi bukaeran plan ekonomiko-finantzieroari lotu gabe utziko genuke udala. Helburuak lortzeko herraminta egokia izan da plana».
Udalaren egoera ekonomikoak hobera egin duela soberakin positiboaren zenbatekoak ere islatzen du. 2013. urtea 200.000 eurotik gorako soberakin positiboarekin itxi zen. «2008. urtetik, 2014. urtea da foru funtserako itzulketarik egin beharko ez den lehen urtea», azpimarratu zuen. Hartara, onbidean daudela azpimarratu zuen alkateak, eta helburu nagusi bat zor bizia jaisten segitzea izango dutela. «Udal ekonomia hobetzea, herritarren premiei erantzutea, konpromisoak betetzea eta egitasmoak aurrera ateratzea izango ditugu helburuak».
Legealdi bukaeran plan ekonomiko-finantzieroari lotu gabe utziko genuke udala. Helburuak lortzeko herraminta egokia izan da plana».
555.000 euro inbertitzeko
Besteak beste, 1.520.000 euro gorde dira pertsonal kostueei aurre egiteko, eta gizarte langile bati lanaldia %25ean handituko zaio. Bestalde, lau langile kontratatuko dira, diru laguntza batzuen bitartez.
Zerbitzuen atalean 2.383.000 euro aurreikusi dira, iaz baino %11,82 gehiago. Gastuei dagokienez, hondakinen kudeaketa –563.000 euro– eta kale garbitasuna –283.000 euro– izango dira gastu esanguratsuenak.
Inbertsioen atalak %55,05eko igoera izango du iaztik: 555.000 euro aurreikusi dira inbertsioetarako.
121.000 euro Atxukale inguruan desjabetu duten lurzoru bat erosteko, 190.000 euro Errementeriako orube bat erosteko (lau urtean ordainduko da); 60.000 euro arau subsidiarioen berrikuspena egiteko; 40.000 euro Errementeriako eremua saneatzeko; 40.000 euro komentu ondoan aparkalekuak egiteko. Egitasmoei dagokienez, Mutriku-Sasiola errepidea egiteko alternatiba berriaren azterketa egingo da aurten. Aldundiak 60.000 euro jarriko ditu horretarako. Garapen alorrean, besteak beste, enplegua sortzeko eta sendotzeko 100.000 euroko partida bat egongo da. «Finantzen egoera egunean daukagula esan dezakegu. Sarrera eta gastu arrunten arteko emaitzak 171.000 euro positibo ematen digu».

EAJkoak eta Berdeak+Independienteak taldekoak
EAJ, minduta
EAJren bozeramaile
Joseba Antxustegik esan zuen Bilduk ez dituela euren proposamenak onartu. Besteak beste, gehiegizkotzat jo zuten informazio eta publizitate alorrera 20.000 euro bideratzea, bai eta notaritza eta gastu juridikoetarako 35.000 euro aurreikustea. Igogailuen egitasmoak idazteko premia azaleratu zuten jeltzaleek, eta Bilduren gobernuari eskatu zioten atez atekoari dirurik ez bideratzea. «Herriaren hobebeharrerako ekarpenak egitera joaten gara batzordeetara. Aurrekontuen gai honetan ikusi dugu ilea hartu zaigula. Ez digu eman hainbeste min gure proposamenak ez onartzeak. Hortik eta otsailaren 18an herri aldizkaria jaso eta udal egitasmoak bertan ikustera badago jauzi handi bat», esan zuen Antxustegik.
Iñigo Agirre Berdeak+Independienteak taldeko zinegotziak era baikorrean baloratu zuen udalaren zorpetze maila txikitzen joatea, «ondorengoei hipotekarik ez uzte aldera». Zuhurtzia printzipioa «begi onez» ikusten dutela adierazi zuen, «ez bakarrik plan finantziero baten menpe gaudelako, gure etxeko dirua bezain ondo zaindu beharko genukeelako baino». Debegesatik irtetea edo, «gutxienez», bideatzen zaion dirua murriztea nahiko luketeela esan zuen. Arauen berrikusketari lotuta, portuaren eta Sasiolaren gaietan udalaren ikuspuntu estrategikoarekin ez datozela bat agertu zuen Agirrek.