Ondarzabal itsasontziak arazoak izan ditu azken egunetan portutik ateratzeko. Lazunarri malekoiaren moila apurtutik portura igarotzen den hondarra asko gehitu da azken denboraleen ondorioz, eta astelehen arratsaldean
Ondarzabal hondoa jota geratu zen portuko sarreran.
Neguko geldialdiaren ondoren arrantzara irtetzera zihoazen Lekeitioko baxurako bi itsasontziak, baina, tinglaua eta Abedeen moila parean ezin irtenda geratu zen
Ondarzabal. Ordu bete inguru itxaron behar izan zuten, marea igo eta berriro portura itzultzeko. Berriro hondartuta geratu ez zitezen marea goi-goian egon arte itxaron zuten portuan bi itsasontziek. Atzo goizean ere, arazo bera eduki zuten, baina portuaren kanpoko aldean. «Hondar guztia dago mugituta eta itsasgorari itxaron beharko diogu portutik irten eta sartzeko», adierazi du Jon Kepa Uskola Lekeitioko kofradiako lehendakariak.
Dragatzeko eskaera
Espainiako Itsasertz Mugartearekin akordu batetara ailegatu ondoren, udaberri edo uda aldera hasiko da Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza Lazunarri malekoia konpontzen. Bien bitartean, itsasontziak lan egin ahal izateko, portua «urgentziaz» dragatzea eskatu die Lekeitioko kofradiak portuko agintarieri.