Kirmen Uribe idazle ondarrutarragaz batera, Claudia Piñeiro galizian jaiotako idazle argentinarra, Artur Carlos Mauricio Pepetela idazle angolarra eta Antoni Serra Mallorkako idazle eta jornalista sarituko ditu Pen Zentroak aurten ospatuko duen Rosalia de Castro literatur sariketan.
Sarituak erabakitzerakoan, epaimahaiak erabakiak aho batez hartu dituela jakitera eman dute Pen Zentroko arduradunek.
Epaimahaiari dagokionez, ondokoek osatu dute aurtengo Rosalia de Castro literatur sariketako epaimahaia: Lus Gonzalez Tosar (lehendakaria), Miro Villar (idazkaria), Marilar Aleixandre, Bieito Igelesias, Xose Lois Garcia eta Xabier Castro Martinez. Guztiek bat egin dute aurtengo sarituek, aurreko urteetako beste 36 sarituekin batera, galiziar literaturaren enbajadore onenak direla Latinoamerikan, Katalunian eta Euskal Herrian.
Bi urtetik behin egiten den sariketa da Rosalia de Castro sariketa. Mundu mailan hain ezaguna den Rosalia de Castro poeta eta nobelagile omentze aldera, 1996. urtean jarri zuten abian sariketa. Sariketaren helburua galiziar literaturgintzan behar egiten dutenak saritzea da. Horretaz gain, espainolez, portugesez, katalanez eta euskaraz idazten duten literaturgileak ere saritzen dira Rosalia de Castro literatur sariketan.
Aurten gainera, sariketa antolatzen duen Galiziako Pen Zentroak 25 urte bete ditu.
Aurreko sariketetako sarituak
- 1. Sariketa (1996): Jose Saramago (portugesa), Gonzalo Torrente Balester (espainiarra), Joan Perucho (katalana) eta Bernardo Atxaga (euskalduna).
- 2. Sariketa (1998): Antonio Lobo Antunes (portugesa), Manuel Vazquez Montalban (espainiarra), Miquel de Palol (katalana) eta Juan Mari Lekuona (euskalduna).
- 3. Sariketa (2000): Sophia de Mello (portugesa), Jose Angel Valente (espainiarra), Pere Gimferrer (katalana) eta Angel Lertxundi (euskalduna).
- 4. Sariketa (2002): Nelida Piñon (portugesa), Ernesto Sabato (espainiarra), Ricard Salvat (katalana) eta Felipe Juaristi (euskalduna).