
Artedrama, Le petit théâtre de Pain eta Dejabu panpin laborategiak ekoiztutako
Hamlet antzezlana ikusteko aukera egongo da
bihar, barikua, 20:00etan Ikusgarri aretoan.
Xabier Mendigurenek idatzi du euskarazko egokitzapena, zeinaren arabera Hamlet XXI mendeko euskalduna den. Milaka ispilu eta esanahi dituen pertsonaiari beste irakurketa berri bat egin dio, beraz. Ximun Fuchs-en esku geratu da antzezlanaren zuzendaritza. Ander Lipusek egiten du Hamleten papera, eta beragaz igoko dira ikusgarriko taulagainera, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo.
Hamlet obrak munduaren eromena irudikatzen du. Obraren ekintza politikan oinarritzen da: gezurra, jukutria, kalkulua, konplota, dirugosea, hitza hitz ala hitza jan… Ikusleak justizia eta bidegabekerien inguruan hausnartzera bultzatzen ditu obrak, baina modu arin eta atseginean. Hala, orain arteko emanaldietan, harrera oso ona izan du antzezlanak.
Antzerkia ikustera joateko sarrerak aldez aurretik eros daitezke kultur etxean, 10 eurotan.