Ikurriña omendu eta plazako iturri gainean ipiniko du domekan Munitibarko Udalak
«Legez inposatutako bandera» ez dutela aintzat hartzen diote udal ordezkariek. «Bandera horrek ez du Munitibarko gehiengoaren sentimendua ordezkatzen. Eta Gobernu espainolaren inposaketa ozen salatu nahi dugu». Ikurriñak Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen dituela esan eta espainiako banderak «erabakitzeko eskubidearen ukazioa» adierazten duela argitu dute. «Gure ikurriña, gure ikurra dela aldarrikatzen dugu». Horrela ba, ikurrak «ez direla inposatzen» eta espainiar izatea «inposatutako aberria» dela gaineratu dute. Domekako ekitaldia Bide horretatik, domekan, 12:00ak aldera, ikurriña ipiniko dute plazako iturri gainean. Ondoren aurrezkua egingo diote eta plaka bat ipiniko dute frontoiko horman, «inposaketaren aurrean herriaren sentimendua jasota gera dadin». Horretaz gain, beste bi plaka ere ipiniko dituzte, Gerrikaitzen bat eta Aldakako ermitan bestea. «Bi plaka horiek Done Jakue bidetik datozen erromesek ere inposaketaren berri edukitzeko ipiniko dira», aurreratu dute udal ordezkariek.