
Barikuan amaituko da Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteko kide izateko kuota ordaintzeko epea. Helburuak bete dituztela eta zineak martxan jarraitu ahalko duela jakitera eman dute elkartekoek, baina, gainontzeko guztiak ere «ongi etorriak» izango direla adierazi dute.
«Zenbat eta bazkide gehiago izan errazago eta merkeago izango da guztia», diote elkarteko kideek. Elkartearen helburua ez da dirua irabaztea, Ikusgarri zinea mantentzea baizik. Proiektorea erosteko erabiliko dute kuotaren zati handiena aurten, eta gainontzekoa pelikulak alokatzeko. Aurrerantzean, hurrengo urteetan, kuota jaisteko aukera edukiko dute, bai eta pelikula gehiago ikusteko eta beste hobekuntza batzuk egiteko aukera ere.
Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteko kontua hau da: 2100-3938-21-0100220545, La Caixa bulegoan dago, eta
urteko kuota 100 eurokoa izango da.
Badirudi Lekeitiok bere zinea izango duela berriro. Pelikulak formato digitalean ikusteko aukera izango dute orain, gainera.