«Emozionatzeko» kontzertu lirikoa eskainiko du Laukotek, zapatuan, 20:30ean, Mertzedeko elizan. Opera eta zartzuela ezagunak oinarritzat harturik kontzertu berezia prestatu dute Markina-Xemeinerako.
Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolako lau ikaslek osotzen dute Laukote: Edurne Egia markinarrak, Iratxe Uribelarrea mallabiarrak eta Bidane Txopitea eta Jasone Turumbay durangarrek. Kontzertuaren lehenengo zatian laukoteak lau kanta abestuko ditu batera, gero bi sopranoek, Edurne Egiak eta Bidane Txopiteak, duoak egingo dituzte eta ondoren bakarka arituko dira biak. «Kontzertu desberdina izango da, entzuteko atsegina», aurreratu du Edurne Egia soprano markinarrak.
Zartzuelak eta operak hobeto ulertzeko, kontatzen dituzten historiak aurreratuko dituzte abesten hasi aurretik, eta sorpresak ere egongo direla aitatu du Egiak. Gainera, kontzertua ez dela estatikoa izango zehaztu du Edurne Egiak. «Mugimenduz betea izango da.
Laukoteko lau neskek, Agurtzane Mentxaka irakaslearen eta Victoria Gavilchenko piano jotzailearen laguntza izango dute. «Orain arte ez dugu Markina-Xemeinen abesteko aukerarik izan eta pozez eta ilusioz beteta nago», adierazi du soprano markinarrak.
Ave Maria,
Barcarolle,
Habanera,
O Mio Banbino Caro, eta
Canto a la luna kantatuko dituzte besteak beste.