Txantxangorri, aisialdirako erakusleiho zabala
Txantxangorriko umeak izandakoak dira hirurak, eta Ludotekan zein Gaztelekuan ibili izan dira txikitan. Beste horrenbeste gertatzen da oraintsu aisialdi taldean sartu direnekin ere. Unibertsitaterako jauzia ematen denean, orduan ematen diete gazteei taldean sartzeko aukera. Orain dela hiru aste egin zuten bilera, eta hamalau neska-mutil sartu ziren taldera, «begirale esperientzia ezagutu nahian». Orain arte zebiltzan 29 lagunei gehituz gero, 43 begirale dira orain, 17 urtetik 24 urtera artekoak. «Sekulakorik jende gehien gara taldean», esan du Ruizek, irribarrez. «Txantxangorri aisialdi taldea beste nonbaitera begirale joateko erakusleiho bat ere izan daiteke. Aisialdi mundurako erakusleiho bat da». Bateko eta besteko, begiraleek euren denbora librearen zati eder bat eskaintzen diote Txantxangorriri: barikuro batzen dira Luardoko bigarren pisuan, 19:30ean, eta hantxe, denen artean erabakitzen dituzte aurrera begira egin beharrekoak. Edonola ere, umeen iritziak ezinbestekoak dituzte: «Zer egin nahi duten galdetzen diegu, eta gero zer egin ahal den ikusten dugu», esan dute.
Izan ere, herritarrek herritarrentzako egindako egitasmoa da aisialdi taldeak eskaintzen duen zerbitzua. Eta herriko gazte guztiak batzeko gaitasuna dauka. Hori da herri mailan Txantxangorri indartsu egiten duena. «Gure denbora librean zerbait egin nahi dugu, eta herriko umeei ere aukera bat eman nahi diegu». Umeak ez eze, gurasoak ere pozik daude eurekin. Herritarrak izateak beste konfiantza bat ematen dietela badakite.«Zelako gaitasuna eta pazientzia daukazue», esaten diete sarri gurasoek. Duela hamalau urte hasi zen bidea egiten Txantxangorri. Urte horietan guztietan euskararen erabilera eta euskal kultura bultzatu dituzte. Hori da euren beste helburu bat: umeak euskal kulturan eta herriko kulturan heztea, eta umeek elkar ezagutzea, harremanak eginaz. Horretarako hilabetero ekintza bat egiten dute, zapatu bat aukeratuta: inauteriak, Gaba Beltza, Txantxangorri eguna, herriko taldeek –Bertan, zine forum, gazte asanblada, euskara taldea– antolatutako ekitaldiak, Gabonetako eta Aste Santuko hiru egunetako ekintzak eta udalekuak –iaz 202 haur ibili ziren–. Bat edo bat aipatzekotan, Gaba Beltza. «Zapatuetan ume kopuru polita etorten da, baina Gaba Beltza ikusgarria da. Ume pilo-pilo bat etortzen dira», askotan begiraleak «aztoratzeko» beste. Ekintzak, dena den, ez dituzte umeei begira egiten bakarrik. Begiraleek elkar ezagutzeko ere balio dute. «Ekintzarik ez dagoen asteburu bat edo beste aprobetxatzen dugu formakuntza saioak egiteko». Zabieleko ganbaran egin zuten lo orain dela gutxi. Eta mozorrotzea ere oso gustukoa dutela aitortzen dute. Azkenengoz Zarautzera joan ziren: «Umeen konfiantza lortu behar duzu. Ez duzu lotsarik izan behar», diote.
Taldeko partaide direnei iniziatiba edukitzea, dinamikoak izatea eta parte hartzaileak izatea eskatzen diete, eta izan ere horrelakoak dira. «Bakoitzak ikuspuntu bat dauka, eta guztiak batuta osatzen ditugu gauzak».Eta umeekin ere gauza bera gertatzen da: «Ume bakoitzak gauza bat ematen dizu. Umeengandik asko ikasten dugu».
Gazteri zerbitzuetan hobekuntzak egin ditu Lapazorri elkarteak Datozen bi urteetan, behinik behin, Lapazorri elkarteak kudeatuko ditu, Txantxangorriren baitan, Haur liburutegia (3-12 urte), Ludoteka (3-12 urte) eta Gaztelekua (12-18 urte). Hiru zerbitzuetan betiko filosofiari eutsiko diote: ume eta gazteen ezaugarriak kontuan hartuta egingo dituzte ekintzak, eta, ohi bezala, jarduera berezirik ez da faltako. Betiko lokaletan jarraituko dute zerbitzuak ematen, eta egitasmo berriarekin batera, azpiegituretan aldaketa batzuk egin dituzte. Ludoteka margotu dute; Gaztelekua berrantolatu eta material berriz hornitu dute. Haur liburutegia, berriz, ahalik eta txukunen ipini dute: oso txikia da, eta txoko ezberdinak egotea ahalbidetuko lukeen lokal bat izatea nahiko lukete. Oraingoz, baina, daukatenarekin jarraitu beharko dute.