Ispaster eta Natxitua aurrez-aurre izango dira martxoaren 7an Ispasterren egingo duten afarian. Natxitua eta Ispasterko bertso eskolako bertsolariak elkarren kontra ariko dira bertsotan. Joan den urtean alkartu ziren bertso eskola biak Eako Natxitu auzoan egindako bertso afari batean, bertan animatu eta desafioa adostu zuten eta orain afari hartan emandako hitza betetzeko unea ailegatu da.

Herri bakoitzeko bi bertsolari ariko dira bertsotan. Katxa eta Toko izango dira Ispasterko ordezkariak eta Ander eta Arano ostera Natxitukoak. Epaile eta gair jartzaile lanak egingo ditu Alex Arrilagak. Horrez gain, herri bakoitzeko ordezkari bana ere egongo da epaimahaian. “Epaimahaia inpartziala izateko herri bakoitzeko pertsona bana eta Arrillaga aukeratu ditugu epaile gisa” azaldu du Katxa Ispasterko bertsolariak.
Afarian, San Martineko txokoak dituen leku mugak direla eta 40 lagunentzako lekua baino ez dela egongo azaldu dute antolatzaileek. Gutxi gora-behera hamar euroko kostua izango du afariak eta izena emateko 645736675 telefono zenbakian eman beharko da izena. Bueltako afariaren eguna oraindik zehaztu gabe badaukate ere, apirilaren inguruan egiteko asmoa daukate antolatzaileek. Ispaster moduko herrietan aisialdirako mota honetako ekintzak falta direla aipatu du Katxa bertso desafioko parte hartzaileak eta afari honek gabezia horri erantzun gura diola be aipatu du.