
Andoni Aretxabaleta markinarrak eta Olaizola IIak ezin izan diete Juan Martinez de Irujori eta Xabi Tolosari irabazi. Aspeko bikoteak, hortaz, bederatzigarren puntua eta Binakako Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu zituen zapatuan liderren artean jokatutako norgehiagokan.
Aretxabaletak ezin izan zuen bere ohiko jokorik egin, eta partidu guztian deseroso jokatu zuen. Tolosa gazteak erritmo bizia ipini zuen atzekaldean, eta pilotakadaz pilotakada, nagusitu egin zitzaion Asegarceko atzelariari.
Aurreko aldean ere, Irujok joko ona eta erabakiorra egin zuen. Jokaldiei amaiera ematen jakin zuen Aspekoak.
Irabazten hasi ziren Irujo eta Tolosa (0-4). Ondorengo minutuetan gorriak markagailuan hurbildu egin ziren, bai eta aurreratu ere (10-9). Hala eta ere, urdinek ez zuten amore eman, eta aurkariek baino gehiago eta hobeto jokatuta, erraz ailegatu ziren 22ra. Irujok neurketa handia egin zuen, baina Xabi Tolosaren kalitatea eta jokoa izan ziren protagonista nagusiak. Azken markagailua 22-15 Irujo eta Tolosaren alde.
Olaizola II eta Aretxabalaleta bigarrenak dira sailkapenean. Zortzi puntugaz jarraitzen dute 11 partidu jokatu ostean.