Emakume langilearen eskubideak aldarrikatzeko egunaren bezperan egingo dute ordu erdiko lanuztea Bizkaiko kontserberek; hain zuzen, martxoaren 7an, barikuan, 12:00etatik 12:30era. Orain arteko borrokari jarraipena ematea da langileen asmoa, eta, horretarako, sektorek langileak pairatzen ari diren egoera salatuko dute. Horregaz batera, herrialdeko hitzarmen berri bat ere aldarrikatuko dute, beste behin ere.

Iazko Bermeoko Arrain Azokan, Kontserberatako langileak hitzarmen duin bat aldarrikatzeko egindako elkarretaratzean.
Langileen gehiengoa emakumeak dira Bizkaiko kontserberetan, eta LAB sindikatuak jakinarazi duenez, uztailaren 7az geroztik, lan baldintza “kaxkarragoak” dituzte, hain zuzen, “PPko Gobernuak inposatutako lan erreforma baliatu zutenetik”. Sindikatuaren arabera, “Campos, Zallo eta Ortiz enpresek, esaterako, aldebakartasunez estatu mailako hitzarmena aplikatzeko erabakia hartu dute, eta bertako langileak zituzten lan eskubideak ez dira errespetatzen”. Estatuko hitzarmenak ezarritakoaren arabera egin dituzte, esaterako, aldi baterako ezintasun osagarriak, lizentziak, urteko ordu kopurua, eta kontratazio berrien kasuan, baita soldata ere.
Herrialdeko hitzarmenaren alde borrokan
Egoera horrek, beraz, “oso prekarioak ziren lan baldintza batzuen okertzea besterik ez du ekartzen”, LABen ustez. Hala ere, horrek irtenbidea baduela deritzo sindikatuak, eta, hori dela, borrokatzen jarraitu behar dutela uste du; “berebiziko garrantzia duen herrialdeko hitzarmenaren aldeko borroka sustatu behar da, tresna hori delako lan baldintzen okertzea saihestuko duena”.
Egoera horren aurrean, langileen lan baldintzak arautzen dituzten bertoko hitzarmenak babesteko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta erakunde zein alderdi denei; alegia, “Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldeko apostua egin eta pausoak eman ditzaten”.