
Lekeitioko osasun etxean emakumeei begira dauden zerbitzuen berri ematea eta ginekologia zerbitzuaren itxaron zerrenda mugatzea adostu dute Lekeitioko alkateak eta Potxuak Martxan Emakume Taldeak Galdakao Ospitaleko kudeatzailearekin, Osasun Etxeko zuzendariarekin eta Osakidetzako Ordezkariekin.
Maitane Larrauri Lekeitioko alkateak eta Potxuak Martxan taldeko kideek hitzordua eskatu zuten osakidetzako ordezkariekin Ginekologia Zerbitzua egun bakarreko zerbitzua ematera pasatuko delako. Aurretik ere, abuztuan, bildu ziren Haurdunaldia eteteko aukeren inguruan eta ginekologiaren zerbitzuaren inguruan berba egiteko, eta berriro biltzea eskatu zuten gai horiek lantzeko asmoz.
Martitzenean egindako bileran Emakumeen Osasunari zuzendutako eskuorri bat ateratzea adostu zuten. Bertan emakumeentzako dauden osasun zerbitzu ezberdinak azalduko dira. «Eskeiniko den informazioaren artean, guretzat garrantzia berezia daukana, Haurdunaldia Eteteko aukeren inguruko informazioa da», adierazi dute alkateak eta Potxuak Martxaneko kideek.
Jakitera eman dutenez gainera, Osasun arloko ordezkariek, Ginekologia Zerbitzuaren itxaron zerrenda hilabete baino gehiagokoa ez izateko konpromisoa hartu zuten.