Txomin Agirre 28an egindako lurren erosketa eta zatiketa baliogabetu ditu Ondarroako Udalak
Erabakia azken osoko bilkuran hartu da, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz. Orain dela zazpi urte hartutako erabakiak baliogabetuta, udalak neurriak hartuko ditu erabakia aurrera ateratzeko, eta hemendik aurrerako ibilbidea zein izango den aztertuko du, Argia Ituarte alkateak jakitera eman duenez. Iazko martxoan hasi zen Ondarroako Udala lurren zatiketa berraztertzen, Cojua Euskadiko batzorde juridikoen aholkularitzak gainbegiratuta. Hala eta ere, oraindik geratzen den prozesua luzea da. «Ez legezko egoera hori zuzentzen hasi behar dira orain», esan du obra horren gaineko salaketa ipini zuten bizilagunek. «Gezurrak hegan egin du, eta egia agertzeko zazpi urte behar izan dira. Ea orain zer gertatzen de». Nabarmendu dute «txarrena” udal kudeaketaz arduratzen zirenek herritarrei eragin dieten kaltea dela. Lurralde Auzitegiak iazko martxoan baliogabetu zuen, behin betiko, Txomin Agirre 28 eta ondoko orubean zortzi etxebizitza egiteko lizentzia. 2011ko otsailaren 22ko 28/2011 sententzian adierazitako lizentziaren baliogabetasuna berretsi zuen, lizentzia emateko oinarri hartu zen araudia ez zela legezkoa esanaz. Horrez gain, Pixape 1eko orubearen zatiketa eta salmenta berrikustera derrigortzen zuen sententzia kaleratu zen, segregazioa egin zenean ez zelako kontuan hartu «alde zaharreko partzelak ezin direla ez banatu ez gehitu ondare legeen arabera ez eta lurzoruaren legearen arabera ere». Ondarroako Udalak 2007. urtean, EAJ agintean zela, erabilera publikoko lursail zati bat saldu zion eraikuntza enpresa bati. Asmoa bertan zortzi etxebizitza eraikitzea zen. Bizilagunak erabakiaren aurka agertu ziren, ez zela legala argudiatuz, eta salaketa bat sartu zuten, udalean lehenengo eta epaitegietan gero.