Aldarrikatu beharra oraindik ere
Anabel Alegria eta Biotza Unanue (Sareginek Bermeoko emakume feministen sarea)
«Emakumeak nonahi gaude, baina ez da benetan sustraitzen gure nahia»
Emakume langilearen eguna aprobetxatuta, euren aldarrikapenak kalera aterako dituzte Bermeoko Sareginek emakume feministen sareko kideek. Biotza Unanue eta Anabel Alegriak azaldu legez, inauterietako testuingurura egokituta, modu barregarri batean eskatuko dute aukera berdintasuna.
Emakume langilearen eguna da bihar. Zer antolatu duzue egun horretarako?
Biotza Unanue. Abortuarekin dagoen arazoa parodiatzeko tragikomedia ibiltari bat egingo dugu Erriberan hasi eta porturaino; bitartean, Taraska eta Lameratik igarota. Goizean zehar egongo gara kalean, jendeak alde egiten duen arte.
Zer suposatzen du emakumearentzat martxoaren 8ak?
Unanue. Borroka eguna da guretzat. Egutegian markatutako eguna da; gurea da protagonismoa, beste egun batzuetan hain erraz ematen ez digutena. Beraz, aprobetxatu egiten dugu, eta kalera irtetzen gara.
Anabel Alegria. Gizon batzuek galdera bera egiten dute behin eta berriz: «Zergatik ospatzen duzue egun hori? Guk ez dugu gizonen eguna ospatzen». Nik uste dut beraiek ez dutela zer ospatu; guk, ordea, bai. Ospatu baino, aldarrikatzeko esango nuke.
Unanue. Aurtengoa, gainera, berezia da. Izan ere, Jai Batzordeak inauteriak luzatu ditu, eta, beraz, testuingurua ezberdina izango da. Aukera asko ematen ditu gura duguna modu komiko batean esateko.
Alegria. Sarritan seriotasun handiagaz egiten dira gauzak, eta honek modu barregarri eta ironiko batean azaltzeko aukera ematen du.
Zer lortu dute emakumeek orain arte?
Alegria. Botoa emateko eskubidetik hasi, eta gure buruaren jabe izatera iritsi gara. Lehen ez bezala, orain ikasteko aukera dugu, lan egiteko, batzuetan ezetz esateko…
Unanue. Gure burua modu independentean garatzeko aukera daukagu, azken finean.
Alegria. Gazte askok feminismoa desitxuratuta daukate, edo iraintzat hartzen dute. Hori hala izan ez dadin, beraz, nola edo hala, landu egin behar dugu gaia.
Unanue. Gizartea garatu zenetik gaur egunera arte, emakume zein gizonezkoek lorpen handiak egin dituzte eskubideei dagokienez. Hala ere, guk momentu honetan atzerabide hori salatu gura dugu. 2010ean lortu zuen emakumeak abortu eskubidea, eta 2014. urtea hasten gabiltzala, eskubide hori galtzeko bidean gaude. Emakumeok leku guztietan gaude, baina zein baldintzatan? Ez da benetan sustraitzen gure nahia.
Eta zer du emakumeak oraindik lortzeke?
Unanue. Aukera berdintasuna daukagu oraindik lortzeke; gizonezkoek zein emakumezkoek aukera berdinak izatea gauza guztien aurrean.
Alegria. Gizateriaren erdia gara, beraz, hori orekatuta egon behako litzateke erabakitze organo guztietan; modu kuantitatiboan barik, modu kualitatiboan.
Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, abortatzeko eskubidea mugatuz. Zer deritzozue?
Unanue. Lotsagarria da, haserretzeko modukoa. Emakumeok bigarren mailako izakitzat gaituzte, eta lege hori da horren isla. Zelan da posible 2014. urtean norberarena den gorputza gizon batzuen esku egotea? Ama izatea edo ez norberak aukeratu behar du, eta baita noiz eta zein baldintzatan egin ere.
Alegria. Inkubagailutzat gaituzte. Halaber, eskubideekin ezin da horrela ibili; lorpen batzuk onartu egin behar dituzte alde guztiek.
Nola ikusten duzue emakumeen etorkizuna?
Unanue. Daukagun gaitasuna ikusita, etorkizun paregabea ikusten dut, nahiz eta testuinguru zailetan egon, bizi garen erregimen absolutistak kontuan hartuta. Dena den, orain arteko testuingurua ere zaila izan da, eta lortu dugu aurrera egitea. Gallardonen lege horrek ez du etorkizunik, guk askoz etorkizun argiagoa dugu. 2010eko legedira bueltatuko gara, gutxienez.
EGITARAUA
Aulesti Martxoak 8. 13:00etan, elkarretaratzea plazan eta ostean pintxo jana Ilun Zarrean, Gazte Asanbladak, Zemendia emakume elkarteak eta udalak deituta. Martxoak 9.18:30ean, Emakumea film laburrean dokumentala. Martxoak 16. 18:30ean, 81 amama dokumentala eta solasaldia.
Berriatua Martxoak 7. Abortuaren inguruko parodia, tabernetan. Martxoak 8. 13:00etan, elkarretaratzea, udaletxe aurrean; 19:30ean, Bernarda Klownaren etxea antzezlana, frontoian. Martxoak 14. 19:30ean Angeles de hierro filma eta tertulia; 22:00etan, emakumeen afaria, frontoian. Gizaburuaga Martxoak 8. 19:00etan, Emakumeen Nazioarteko eguna ospatuko dute, txokoan. Ispaster Martxoak 8. 18:00etan, Emakumea lehen eta orain herriko emakumeen mahai-ingurua, Iñigo Egiluz Aretoan. Lekeitio Martxoak 8. 11:30ean, martxa morea (2,5 kilometro), Eskolapetik; 19:00etan, poteo animatua, Tortola kaletik hasita; 22:00etan, afaria, ikastolan. Markina-xemein Martxoak 7. 19:30ean, poteoa Andrabandarekin, Uhagonetik hasita, 21:30ean, herriko emakumeen afaria, Uhagon kulturguneaen. Martxoak 8. 20:00etan, Ovarios verdes fritos antzezlana, Uhagonen. pMartxoak 9. Lilatoira irteera. Mendexa Martxoak 9. Emakumeen Eguneko irteera. 08:00etan, irteera, Mendexako plazatik; 11:00etan, bisita gidatua Iruñean. Ondoren, bazkaria. Munitibar Martxoak 8. 11:00etan, jarduerak, gaztetxean; 12:30ean, elkarretaratzea, plazan; 12:30-ean, Persepolis filma, udaletxe; 21:30ean, emakumeen afaria. Mutriku Martxoak 7. 19:00etan, Marimendi taldearen bideo proiekzioa, Txalapartan; 22:00etan, Zine Foruma, Zabielen. Martxoak 8. 11:30ean, hormairudia, goiko plazan; 12:30-ean, elkarretaratzea, goiko plazan; 13:00etan, tikipoteoa, goiko plazan. Martxoak 9. 19:00etan, Bi alargun Benidormen antzezlana, Zabielen. Martxoak 13. 18:30ean, Sexualitateari guk ezarritako mugak hitzaldia, Luardon. Martxoak 20. 18:30ean, zaintzaren inguruko kafe tertulia, Luardon. Martxoak 27. 18:30ean, abortuaren legearen inguruko hitzaldia, Luardon. Ondarroa Martxoaren 23ra arte. Lotsaren harresia erakusketa, Mendebaldeko Sahara. Martxoak 8. – 13:30ean, elkarretaratzea, Alamedan. – 21:00etan, dantzaldia eta luntxa, Antiaguako aman. – Indarkerixin aurrin, zuk ze? Guk ze? ikastaroa, Gaztelekuan. Martxoak 12. Las mujeres saharauis a ambos lados del muro, 18:30ean, Etxelilan. Martxoak 15. Emakumeentzako jabekuntza eskola: Euskal Herriko mugimendu feministaren historia (izena eman behar da). Martxoak 17tik 31ra. Herriko ikastetxeetan egindako hormairudien erakusketa. Hilaren 21etik 22ra. Emakumeentzako jabekuntza eskola: Ezagutu zure gorputza, zaindu osasuna (izena eman behar da). Martxoaren 28tik 29ra. Emakumeentzako jabekuntza eskola: Krisia emakumeen begiradatik (izena eman behar da). Ziortza-bolibar Martxoak 8. 14:30ean, emakumeen bazkaria, Arkupen. 28 euro; 16:30ean, La luz del Carburo Maria Dolores Azurmendiren liburuaren aurkezpena.
