Eusebio Arantzamendi/Esther Llorente (OND2020): "Badirudi abenduaren hasieran hasiko direla arrain lonja eraikitzen"
Ondarroan arrain lonja bat ezinbestekoa baino «hil ala bizikoa» dela jakinda, etorkizuneko arrantza sektorea irudikatzen ari dira Ondarroa 2020 prozesuan. Eusebio Arantzamendi Etxaburu (Ondarroa, 1956) Kalare Deuna kofradiako lehendakaria eta Esther Llorente Iriondo (Ondarroa, 1967) komertzializatzailea arrantza foroko partaideak dira. Zelan ikusi zenuten arrantzaren gaia mahai sektorial batean aztertzea? Esther Iriondo. Orain dela urtebete pasatxo egin genuen lehenengo bilera. Portu zuzendaritzakoak, kontserberak, komertzializadorak, OPPAO, kofradia, neskatilak, Arrantza Eskola, Azti… batu ginen han. Nahikoa interesgarria iruditu zitzaidan sektore guztiak udalagaz batzea Ondarroaren egitasmoa aurrera eroateko, denon artean bide bati ekitea. Lonja bat hil ala bizikoa eta beharrezkoa da Ondarroarentzat. Guztiz beharrezkoa herriarentzat eta arrantza sektorearentzat… E.L. Duda barik. Ondarroa oso portu garrantzitsua da. Orain dela urte askotik bizi gara arrantzatik, eta urte batzuetan nahikoa geldituta egon gara, besteek aurrera egiten zuten bitartean. Guztion errua izan da pixka bat, ez dugu jakin hartu behar genuen bidea hartzen. Orain bai, orain belarritik tenk egin digute, eta bidean gaude. Azken aukera da hau. Eusebio Arantzamendi. Hasieran Eusko Jaurlaritza ez zegoen prozesuan sartuta, eta orain badago. Dirua ipini behar duena ez badago, alperrikakoa da guztia. Azken batzarretara etorri dira, eta hori oso garrantzitsua da. Lonja egiteko kontua ez da berria… E.A. Oso atzeratuta geratu da herria. 1964 edo 1966 urtean egin ziren arrain lonja berriko lehenengo planoak, pentsa. Beti atzera bota dira egitasmoak, batean baten erruagatik, bestean beste baten erruagatik. Bakoitza bere bidean ibili da, eta oraintxe ailegatu gara adostasun batera. Ez da geratzen txalupa askorik, baina berdin dio. Herrirako ezinbestekoa da. Arrain asko manipulatzen duen erosle asko dago hemen, eta komeni da adeitsuak izatea. Herrian itsasontzi askorik ez da geratzen, baina kanpoktik etortzen dira. E.A. Bai, eta datozenekin adeitsuak izan behar gara. Baxurako lau txalupa daude herrian, eta iaz 18 milioi kilo arrain sartu ziren; 2012an gehiago izan ziren, errekorra izan zen: 20 milioi saldu genituen. Hainbeste arrain mugitzen duen beste porturik badago? E.A. Galizian egon daiteke egotekotan, baina ez dakit. E.L. Ondarroak baxurako eta alturako sektore oso indartsuak dauzka. Badaude portu batzuk alturako arrain asko mugitzen dutenak, beste batzuek baxurako arrain asko mugitzen dute, baina Ondarroan bi baldintzek bat egiten dute. Baxuran, adibidez, Galiziako flota oso handia da. 60-70 txalupa etorriko dira martxoan Ondarroara, eta ekainera arte hemen geratuko dira. Arrantza sektorearentzat oso garrantzitsua da, komertzializatzaile, kofradia… baina baita herriarentzat ere. Bertan egiten dute bizimodua, bertan erosten dute ogia… E.A. Iaz, otsailaren 27an, 81 bat txalupa etorri ziren, Kantabriakoak eta Galiziakoak, berdelagaz. (BIHAR, ELKARRIZKETA OSOA IRAKURGAI EGONGO DA, PAPEREKO EDIZIOAN ETA EDIZIO JARRAIAN)
