
Amaitzear da, bost hilabeteren ostean, herriko tabernen auziko epaiketa. Fiskalaren txanda izan da gaur, eta epaiketan bildutako ondorioak azaldu ditu. Isabel Mandiola absolbitu egin du epaileak, eta auzipetuen aulkitik publikoarenera pasatu da.
Joseba Alvarez, Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Karmelo Landa eta Juan Kruz Aldasororentzat, berriz, lau urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du. Gainontzekoentzat bi urte eta bi hilabete, eta bi urte eta sei hilabeteko zigor eskaerak egin ditu fiskalak. Jaitsi egin ditu beraz zigor eskaerak.
Adolfo Araiz, Mikel Arregi, Agustin Rodriguez, Ester Agirre, Santiago Hernando, Kepa Gordejuela, Pedro Felix Morales, Andres Larrea eta Isabel Mandiolarentzat akusazioa kentzeko eskatu du fiskalak. Hernando eta Mandiola absolbitu egin ditu epaileak.
36 euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa egiten ari dira Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Iazko urriaren 17an ekin zioten epaiketari. Sumarioa abiatu eta 11 urtera deklaratu dute urte luzez sumarioan nahastuta eduki dituzten lagunek. Angel Hurtadok, Julio de Diegok eta Clara Bayarrik osatzen dute epaimahaia.
Herenegun egin zuten agerraldia auzipetu guztien izenean. Nabarmendu zuten ez dela “frogatu” haien aurkako akusazioak egiteko oinarririk. “Ez da inputazio penal zehatzik egin, eta ez da akusazio elementu pertsonalizatu bakar bat ere aurkeztu”, ohartarazi zuen Karmelo Landa auzipetuak akusatuen aulkian kide duen Sabin del Badorekin egindako agerraldian. Hortaz, epaituak zigortu nahi izatea konponbidearen eta demokraziaren aurka egin nahi izatea besterik ez litzatekeela esan zuten.