'Konpota' antzezlana barikuan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan
Eneritz Artetxeren eskutik Konpota antzezlana egongo da barikuan, 20:00etan, Ikusgarri Aretoan. Dxusturi konpainiaren eskutik datorkigu Konpota.
Eneritz Artetxek (Gernika-Lumo, 1972) bakarrizketa bat proposatzen du, Philipe Gaulieren testu batean oinarritua eta Antton Lukuk euskeratua. Agertokian, pertsonaia bakarra egongo da, emakume bat. Nahiko ezaguna da, baina ez dago inondik ere ados berari buruz esaten direnekin, eta bere ikuspuntua ematen du.
Konpota obrak ironia handiz kontatzen du suge bategaz eta sagar bategaz hartu-emonak dituan emakume baten istorioa. “Paradisua edo askatasuna aukeratu behar izateari buruz berba egiten dau eta erabaki horrek ekarri zituan ondorioak jorratzen ditu, beretzat eta gizateria osoarentzat”, azaldu du Eneritz Artetxek. “Aktore lez, beti nahi izan dot sakondu bufoiaren eremuan. Irakurri nebanean Philipe Gaulierren testua konturatu nintzan bila nebilena topau nebala, emakume bufoi batentzat idatzia egoalako eta emoten eustalako aukerea amorruaz eta emakumearen errebeldiaz berba egiteko”, aitatu du aktoreak.
