Berdelari dagokion kuotaren barne banaketa bat egitea erabaki du Espainiak, lehen aldiz. Txikizkako modalitatean, Gipuzkoari eta Bizkaiari kuota osoaren %42 egokitu zaie, hau da, 4.000 tona inguru aurten. Kopuruagaz «pozik, baina triunfalismo barik» daudela esan dute Jaurlaritzak eta arrantzaleek, proposamena «justua» delako.
Korapilatsuak izan dira negoziazioak. Hego Euskal Herriko arrantzaleek eta Kantabriakoek beti arrantzatu izan dute berdela; Asturiaskoek eta Galiziakoek gutxi erreparatu izan diote arrain horri, baina, aurten, eurek ere zati handiagoa erreklamatu dute. Negoziazioetan, eskubide historikoak kontuan hartzeko eskatu dute euskal arrantzaleek. Azkenean, eredu misto baten aldeko hautua egin du Espainiako Gobernuak. Harrapaketa historikoak, ontzien tonaje kopurua eta ontzi historikoen presentzia hartu ditu kontuan. Ministro agindu baten bidez egin du proposamena.
«Eurek ere bizi behar dutela esaten digute. Nola bizi ziren, bada, orain arte? Ados, denok arrantzatu behar dugu, baina ez guri flota kenduta», adierazi du Iñaki Zabaleta Bizkaiko kofradien elkarteko presidenteak, Orion egindako agerraldian. Alabaina, keinu bat ere egin dute Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek: datozen bi urteetan, eurei zegokien kuotaren %2,5 emango diete Galiziako arrantzaleei. Ez dute zehaztu horrek zenbateko ondorio ekonomikoak izango dituen.
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren esanetan, keinu hori «erabakigarria» izan da kuoten banaketa adosteko. «Banaketa honek irizpide sozioekonomikoak eta eskubide historikoak kontuan hartu ditu, eta, horrexegatik, berdelaren arrantzan guztiontzako tokia dagoela ikus daiteke, bai aspalditik berdelaren arrantzan aritu direnentzat, baita hasiberriak direnentzat ere».
Inguraketan, abendutik ados
Batez ere, Bizkaiko arrantzaleak aritzen dira txikizkako modalitatean, Bermeokoak. Gipuzkoakoek, bereziki Hondarribikoek, inguruketa modalitatea erabiltzen dute. Azken horren kuotak ere finkatu ditu Espainiak, baina ez da hainbesteko tirabirarik izan. Abenduan lortu zuten akordioa, eta Gipuzkoarentzat eta Bizkaiarentzat %48ko kuota izan da —3.350 tona inguru—. Halaber, Espainiari dagokion txitxarro kuotaren %11 pasatxo izango da haientzat, txikizkako modalitatean.
Ministro agindua tramitatzeko hiru bat aste beharko direla kalkulatzen du Jaurlaritzak. Orduan hasi ahal izango dira arrantzan. Normalean, martxoko lehen astean ekiten zaio berdelaren kosterari, eta ekainera arte irauten du; orduan, hegaluzearena hasten da. Aurtengo atzerapenak ekonomikoki kalte egingo diela diote arrantzaleek. Prezioei buruz dituzten aurreikuspenen inguruan galdetuta, iaz baino zertxobait gorago ibiltzea aurreikusten dute arrantzaleek.
Asturias, haserre
Espainiako Gobernuak ministro agindua kaleratu eta gero ere haserre jarraitzen dute asturiarrek. Hala, kuoten banaketa «geldiarazteko» auzitara joko duela esan du Asturiasko Gobernuak. Espainiako Gobernuak erabili dituen datuak «fidagarritasun txikikoak» direla dio, eta azken urteetan «gehiegi» arrantzatu dutenei mesede egiten diela uste du, «arduraz» jokatu dutenen kaltetan.