
Gaur aurkeztu dute sariketa Bilbon
Gaur (hilaren 11a) emango diote hasiera Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketari, Markina-Xemeinen. Hain zuzen, Lea-Artibaiko eta Bilboaldeko bertsolari gazteen arteko lehia hartuko du Lea Artibai ikastetxeak, 11:00etatik aurrera. Bertoko eskualdeko gazteek sailkapena lortuz gero, Durangaldearen kontra lehiatuko lituzkete finalaurrekoak.
Gaur aurkeztu dute bertsolari gazteen sariketa. Jakinarazi dutenez, zazpi eskualdek eta 50 bertsolarik parte hartuko dute sariketan. Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskumaldea), Enkarterriak eta Durangaldea ordezkatuz ariko dira bertsotan gazteak.
Durangaldea zuzenean pasako da finalaurrekoetara iazko irabazlea izateagatik. Gainontzeko taldeek, bestalde, sailkapen saioak jokatu beharko dituzte. Markina-Xemeinen, Zallan eta Algortan neurtuko dituzte indarrak sailkapen fasea lehiatu behar duten eskualdeek.
Finalaurrekoak, bestalde, Durangon eta Igorren izango dira. Durangokoa martxoaren 19an izango da, eta Igorrekoa martxoaren 25ean. Amaitzeko, martxoaren 28an final handia lehiatuko dute sailkapena lortzen duten taldeek.