
Asteburuan Formigalen (Aragoi) lehiatu den Espainiako mendi eski Txapelketan nagusi izan da Nahia Quincoces mendexarra. Hala ere, sailkapenean hirugarren geratu da, kranpoiak galtzeagatik lau minutuko zigorra jarri zion-eta epaimahaiak.
Lasterketa bikaina egin zuen Nahia Quincocesek Formigalen eta oso pozik agertu da mendexarra. «Lasterketa ondo-ondo atera zitzaidan, guztia perfekto», dio.
Mendexako kirolaria aurrean ibili zen lasterketa osoan, lehen, bigarren eta hirugarren postuetan mantenduz, eta azkenean bere egin zuen garaipena. «Ondo sentitu nintzen eta aurrea hartzea lortu nuen», azaldu du.
Helmugara ailegatu arte ez zen konturatu Quincoces kranpoiak bidean galdu zituela. «Materiala begiratzen digute helmugan eta orduan esan zidaten», zehaztu du. Kranpoi bakoitzagatik minutu bi kendu zizkioten, eta horrela hirugarren geratu zen sailkapenean. «Zorte eskasa izan da amaierara arte kranpoirik ez nuela ez konturatzea, dena dela egindako probagaz oso pozik nago».
Datorren asteburuan Europako mendietan bikoteka lehiatuko den Euskal Herriko Txapelketan parte hartuko du Quincocesek.