Herriko eragileek deituta, Ibon Iparragirren atxiloketa salatu zuten atzo, Ondarroako kaleetan, manifestazio isilean, Giza eskubideak, Irtenbidea, Bakea, Ibon askatu! lelopean. Ehunka lagunek zeharkatu zituzten herriko kaleak, Alamedatik irten eta Zubi Barriraino.

Zapatuan agerraldia egin zuten Iparragirreren atxiloketa salatzeko. «Kezkatuta» mintzatu ziren, haren atxiloketa ulertu ezinda. «2010ean atxilotu zutenetik kartzelan igarotako denboran osasun arazo larriak eduki zituen; kartzelako muturreko bizi-baldintzek Ibonen bizitza arriskuan jarri zuten. 2011ko urriaren 17az geroztik, etxean egon da Ibon bere osasun egoera dela eta. Ulertezina zaigu Ibonen atxiloketa, eta gure kezka adierazi nahi dugu berriz ere Ibon espetxeratzeak bere osasunean ekar ditzakeen kalteengatik», adierazi zuten. Haren inguruko eta lagunek diote «giza eskubideen urraketa larria» dela atxiloketa, eta «atzerapauso» bat dela gaixorik dauden presoek izan beharko lituzketen eskubideen alorrean. Horregatik antzeko egoerak «desagertzea» eskatu zuten. «Euskal Herrian bakea eskuratu eta konponbide demokratikoa garatu ahal izateko hainbat pauso eman izan dira azken hilabeteetan. Beharrezkoa da gatazka elikatu eta urraketak eragiten dituzten egoerak betiko desagertzea, eta bide horretan ezinbestekoa da presoen eskubideak bermatzea».
Ondarroako presoa bariku goizean atxilotu zuen Ertzaintzak Gizaburuagako bere etxean. Gaixotgasun sendaesina dauka Iparragirrek, oso garatua, gainera. Horregatik, 2011ko urriaz geroztik etxean ari zen espetxealdia betetzen, oso neurri zorrotzekin eta eskumuturreko telematikoa ezarrita. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atzeman zuen Ertzaintzak barikuan. Hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak astelehenean berretsi zuen Auzitegi Nazionalak Iparragirreri jarritako 299 urteko espetxe zigorra, 2008ko irailean Ondarroan Ertzaintzaren etxeari eraso egitea egotzita.
Alfonso Zenon abokatuari «ilogikoa» iruditu zaio sortu den egoera, Iparragirre etxean ari zelako bere zigorra betetzen, Espetxe Zaintzak berak horrela agindu eta onartuta. Auzitegi Gorenaren epairik ez du oraindik jaso Zenonek, baina hura atxilotu eta espetxeratzearen kontra helegitea jarriko duela iragarri du. Basauriko (Bizkaia) espetxean daukate oraingoz Iparragirre. Abokatuak barkuan hitz egin zuen harekin, eta ondo zegoela jakinarazi du. Zapatuan senitartekoen bisita izan zuen, eta litekeena da bihar argitzea ondarrutar presoaren egoera, orduan bilduko da-eta espetxeko tratamenduetarako batzordea, eta hari dagokio erabakitzea espetxealdiaren orain arteko baldintzak aldatuko dizkioten ala ez.