
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak askatzeko eskatu du: «Bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa da». Izaera «humanitarioa» izango duen espetxe politika «presazkoa» dela adierazi eta legebiltzarrean horri buruzko proposamena aurkeztuko duela jakinarazi du.
Atzo egin modura, gaur ere batu egin zen Basauriko tratamendu junta, baina defentsa abokatuek arratsaldean jakin ahal izan dutenez, oraindik ez dute Iparragirreren gairik aztertu. Edonola ere, abokatuek baieztatu dutenez, Iparragirreri 100.2 artikulua ezartzearen aldeko txostena egingo dutela esan zioten espetxeko arduradunek atzo. gaur sartu dute abokatuek errekurtsoa.
Iparragirrek seigarren eguna beteko du gaur Basauriko espetxean. Iparra Galdu Baik plataformak «kezkaz» bizi du egoera. «Kartzelan igarotzen duen egun bakoitza arrisku egun bat da berarentzat». Epe laburrean erantzun garbirik ez badute jasotzen, mobilizazioak indartuko dituzte. «Zuen guztion laguntza beharko dugu horretarako».