
Gure Esku Dago dinamikaren Lekeitioko lantaldea aurkeztuko dute domekan, 13:00ean, Independentzia plazan egingo den jaialdian. Pentsamolde eta kolore guztietako herritarrak batzeko deia egin dute.
Bai jaialdia bai eta lantaldea ere herritar guztiei zabalik daudela azpimarratu dute.
Gure Esku Dago dinamika zer den, ibilbidea zein duen eta helmuga zein izango den azalduko dute, eta manifestu bat ere sinatuko da. Herrian erreferente diren hainbat kirolari, langile, eta politikariek izenpetuko dute agiria lehenik, eta gainerako herritarrek egingo dute ondoren.
Gure Esku Dago-k ekainaren 8rako egin du giza katea osatzeko deia, eta Iruñea eta Durango batzea du helburu.
12. kilometroan egotea egokitu zaie lekeitiarrei,
eta gutxienez 400 lagun behar dituzte horretarako. Deialdia bereziki egin diete lekeitiar eta mendexarrei, baina eskualdeko eta Euskal Herri osoko herritarrei ere dei egin diete jaialdian parte hartzeko.