
2013rako ezarritako kuotagaz alderatuta, igoera %136koa da. “Pozik” daude Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleak Europak hartutako erabakiagaz. Modalitateen araberako banaketei dagokienez, 11.483 tona dagokio ipar-mendebaldeko eta Kantabriako itsasertzeko arrasteari, hasiera batean ezarritako 6.479 tonen aurrean. Zerkoko modalitateari dagokionez, 13.700 tona dagozkio; urtarrilean 7.731 tona ezarri zieten. Gainerako modalitateei, amuagaz arrantzatzen dutenei, 14.773 tona ezarri dizkiote, komunitateen arteko banaketagaz (8.335 tona ziren lehen).
Europako kostaldeko estatuek bost urterako akordio bat adostu dute, 2018ko abenduaren 31ra artekoa, hain zuzen. 2014rako 1.240.000 tonako harrapaketa kopuru baimendua (TAC) zehaztu dute. Datozen lau urtetarako, ICESek aholkatutakoa izango da kuota. Akordioa bi hilabete luzeko negoziaketen ostean lortu da. Horren harira, esan behar da, Kostaldeko Estatuen artean ez zela akordiorik lortzen 2009 urteaz geroztik.
Espainiako Arrantza Sailak Europako Batasuneko arrantzaleei kuotak handitzea eskatu du negoziaketetan, eta akordio orokorrik onartu ez eta ez legezko arrantza egiten dutenak ez saritzeko. Europako Batasunari akordio batera “ahalik eta arinen” ailegatzeko eskaria egin izan dio, udaberriko berdelaren kanpaina aprobetxatzeko. Akordioak akordio, oraindik ez dute zehaztu kanpaina noiz hasiko den.