Argi dute nondik datozen eta nongotarrak diren. Eta are argiago daukate zer bilatu nahi duten: konponbidea eta sorterrira itzultzea. Bide horretan, Mikel Onko (Markina-Xemein, 1983), Isaac Kortabitarte (Lekeitio, 1955), Loren Aldarondo (Ondarroa, 1951) eta Arrate Urreisti (Mutriku, 1952) konponbide prozesuan parte hartzeko prest agertu dira.
Egungo egoera kontuan hartuta, zein da iheslariok egiten duzuen irakurketa?Mikel Onko: Irakurketak egiterako garaian, beti gustatzen zaigu epaile izatea norberaren tesiak edo hausnarketak babesten ez dituenarekin. Alde horretatik, azken hiru urteetan hori oso nabarmen ari da gelditzen Euskal Herrian irekitako garai berriarekin. Bakoitzak bere ekarpena egin beharrean, besteak zer egin behar duen ari gara exijitzen. Hau larria iruditzen zaigu alderdi politiko batzuen partetik. Etengabe ezker abertzaleari kontuak eskatzea, ETAren urratsak gutxiestea… Gizarteak akordioak nahi ditu,gizarteak sentsibilitate guztiak elkarlanean nahi ditu,gizarteak Euskal Herria beste aro batean nahi du ikusi. Aldiz, gizartea norabide horretara bultzatzea ez zaie interesatzen batzuei. Zergatik? Guk iritzia badugu baina ez da eztabaida zentralaren galdera, gure ustez beste bat da galdera: Nola lortzen dugu gatazkaren aktore denak mahai batean egotea? Hori egingarria den egunean, konponbidea bide zuzenetik joango da. Egun, aldebakarreko mugimenduak ari dira ilusioari bidea erakusten.
Ekainean pauso bat emon zenuten. Erantzuna zelakoa izan zen?Isaac Kortabitarte: Iheslarien inguruan ziren tabu asko apurtzeaz gain, ekainekoak inflexio puntua nahi zuen izan gatazkaren ondorioak konpontze aldera. Gure prestutasuna nahi genuen azaldu eta horretarako historian lehendabiziko aldiz Iheslarien Kolektiboak bere bitartekaritza aurkezteaz gain, iheslarien arazoa konpontzeko bide orri bat aurkeztu genuen. Egia da hitzak paperean gelditzen badira ez dutela esanahi handirik, horregatik uste dugu hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Azken hiru urteek hori garbi erakusten dute. Estatuek prozesurik ez dute nahi eta horren aurrean jendarteak oldartu beharra dauka. Gure partetik hori da indartu nahi dugun mezua, gu prest gaude estatuen gainetik pasatzeko, gure erantzukizunaz hitz egiteko, denekin hitz egiteko. Uste baitugu borroka batean sinistu dugun bezala, orain konponbide giro hori elikatu beharrean gaudela.
Oztopoak non ikusten dituzue?Loren Aldarondo: Baionako Bake Konferentzian Interpoleko idazkari ohiak esandakoarekin gelditzen naiz. «Ez dut inoiz ikusi munduko gatazka desberdinetan Frantziak eta Espainiak duten jarrera desarme proposamen baten inguruan. Lotsagarria da! Armak utzi nahi dituenari ez uztea, ez dugu ulertzen». Haien jarrera kezkagarria izanik ere, harrigarriagoa iruditzen zaigu Urkullu lehendakariaren taldeak daraman bidea. Iniziatiba politikoa hartu beharrean prozesua azkartzeko eta herritarrak aktibatzeko, tokia hartu ezinik dabil eta aukera paregabea galtzen ari da. Beraz, borondatea praktikan ez bada ikusten, borondatez hitz egitea erraza da, baina herri honek hitzen esanahian aspaldi ez duela konfiantza askorik eta horrekin apurtu beharra dago. Bizikidetza eta Bakerako Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako planean iheslarien arazoa ez zen planteatzen. Hitzak ondo, ekintzak hobeto.
Egoera aldatu den heinean, zuek bizi duzuen egoeran zerbait aldatu al da?Arrate Urreisti: Iheslari hitza aipatzean ezjakintasuna da nagusi. Egoera oso desberdinak bizi ditugu, belaunaldi desberdinek osatua. Batzuek bizitza normala egiten dute, beste batzuk sasian, batzuk paperik gabe eta oinarrizko eskubiderik gabe nolabait bizitza aurrera eramaten(Uruguay,Venezuela,Sao Tome, Cavo Verden bizi direnak esaterako). Harritzen zaitu hotzean pentsatua, zenbat belaunaldi lotu diren borroka honetara. Ezin ahaztu ere Jokin Aranalderen kasua. 68 urteko bizian, hiru aldiz torturatua, eta egun, euroagindu bat tarteko, jarrera intsumitua hartu eta gordetua dagoena. Gure kidea denez hemendik animo guztiak bidaltzen dizkiogu berari eta bere familiari. Animo Jokin segi adorearekin! Pixkanaka ari gara gure errealitatea ezagutarazten, eragile politiko eta sozialekin biltzen, akordioak erdiesten,konpromisoak bilatzen… Guzti honek badu bere izaera kolektiboa baina guretzat pertsona bezala, kriston eragina du psikologikoki. Existentzia bera, aktore zarela sentitzeak, hainbeste urtez gure sufrimendua bigarren plano batean uzteak ez dizu onik egiten nahiz eta jakin gerra egoera bat tartean dagoela.Pixkanaka bada ere, pertsonen biziei aurpegiak jartzen ari gara, existititu ez dena existitzen dela erakusten ari gara.
Pauso batzuk eman eta gero, zein izango zen hurrengo pausoa?Onko: Ezin da pentsatu egoera berriak bakarrik etorriko direnik; pausoak ez dira markatuta etorriko, beraz, jendartea da bere determinazioan sinistu behar duena. Egitura politikoetatik eta eremu instituzionaletatik gatazkari ez zaio erroetatik heldu. Markaje izugarria dago eta jendeak beste irtenbide edo tresna batzuk behar ditu. Horregatik izan da garrantzitsua Bake Foroek egin duten lana. Gatazkaren konponbidea irabazle eta galtzailerik gabeko egoera batean kokatzen baitute. Iazko otsailean gomendio batzuk gizarteratu zituzten Lokarrik eta Bake Bideak antolaturiko jardunaldietan. Gomendio hauek dira gizartean zabaldu behar direnak. Jendeari esango genioke, animatzeko eta parlamentuen zain ez egoteko. Jendearentzat garrantzitsua da edozein kolperen ondoren erantzutea. Hori biologikoa da.Bilboko ekimena edota Herriraren aurkako operazioaren kontra jendearen erantzuna zoriontzekoa da eta urrun gaudenontzat zirraragarriak dira horrelako momentuak. Kaleko arnas hori izan da urteetan Euskal Herriko bizi politikoa eta soziala baldintzatu duena eta aurrerantzean ere jendearen prestutasun eta ilusio horiei bide egin beharko diegu. Guztion artean, politika egiteko modua kaleko bizian txertatu behar dugu.
Zer deritzozue espetxe politikari?Kortabitarte: Euskal presoekin eraman den suntsipen politika hori bidegabea eta krudela izan dela inork ez du zalantzan jartzen. Presoen inguruan dagoen sentiberatasuna eta sentsibilizazioa ukaezina da. Honi gehitzen badiogu Euskal Presoen Kolektiboak eginiko adierazpenak inork gutxik ulertzen ahal du aldaketarik ez egotea kartzela politikan. Borroka armatuari uko egin diote helburu politikoak lortzeko, eragindako mina aitortu dute, legearen barnean pausoak ematearen alde agertu dira. Noski, prozesuaren garapen guztian gertatu dena gertatu da Madrilen partetik: prozesuaren aldeko edozein mugimenduri atxiloketekin erantzutea. Eztabaidaren mamiari beldurra diote estatuek.
Zer da, oro har, gizarteari eta agintari politikoei eskatzen diezuena?Aldarondo: Gure ustez ekuazioa sinplea da. Bien arteko sinergia da aurkitu behar duguna. Herria agintari sentitu behar da eta agintari politikoak herria direla jabetu behar dira eta ez goi mailako elite intelektual bat. Herriari beraz motore izateko eskatzen diogu, ez da geldirik egoteko garaia. Eta hamarkada luze hauetan bezala, herria dela gure arnasa, gure ilusioa, gure nahia. Zuekin batera bideari ekiteko prest gaude ! Ardura politikoak dituztenei, herri ordezkariak diren heinean beraien ardura betetzea eskatzen diegu bakarrik. Bide orriaren inguruan akordioak, konpromisoak eta babesa lortzea. Konponbide garaia praktikan ikusi nahi dugu. Geroari itxaropenez begiratu nahi diogu, berriro ere inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez izateko.
Noizko ikusten duzue Euskal Herrian libre bizi ahal izateko aukera?Urreisti: Ez gara ohartzen oraindik azken hiru urteetan eszenatoki politikoa nola mugitu den. Eragin handiko erabaki politikoak hartu izan dira: Aieteko bide orria, ETAren armak uztearen erabakia, ezker abertzalearen estrategia aldaketa, Nazioartearen inplikazioa gatazkaren konponbidean, bake foroak… Norabide horretan Iheslarien Kolektiboak, bere harria jarri zuen ekainean Miarritzen aurkeztutako bide orriarekin. Lehen iheslaritik azkena itzuli arte egin beharreko bide pausatu bat proposatzen dugu. Gure ekarpena garbia da, ezin dena egin da etengabe alde berari pausoak eskatu, are gehiago, bakoitzaren izaera ezabatzea bilatzen duten jarrerek ez digute mesederik egiten. Guk proposamen zehatz bat plazaratu genuen eta orain gure herrien txanda da. Akordioa, konpromisoak eta babesa eraikitzen badira, gure prestutasuna hor dago.
Ekainean Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak iheslariekin erbestean egindako bideoa:
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.