
Bildu, EAJ eta Berdeak+Independienteak alderdiek aho batez onartu zuten atzo, osoko bilkura berezian, Joseba Palenzuela alkateak, Bilduren izenean, otsailaren 27ko bilkuran egindako proposamena. Hiru puntu jasotzen ditu: udalak herri galdeketa gauzatuko du hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko; galdeketa egin aurretik, Gipuzkoan martxan dauden bilketa sistemen inguruko informazioa zabaltzearren eta eztabaida ematearren, herri osoak parte hartzeko aukera izango duen parte hartze prozesua burutuko du udalak, parte hartze prozesu osoa kudeatzeko ardura hartuko duen hondakinen batzordea eratuko du udalak.
Osoko bilkuran puntu bakar bat zuten lantzeko: Felix Mari Ulaziak hondakinen bilketa sistema erabakitzeko egindako herri galdeketa eskariari erantzuna ematea. Eskarian zera eskatzen zion udalari: “Herri galdeketa bat burutu dezala Mutrikuko herritarrak zabor bilketa sistema aukeratu ahal izateko gaur egungo edukiontzi sistema edo atez ate bilketaren artean”. Otsailaren 27ko Osoko Bilkuran ere puntu hori agertzen zen gai ordenean, baina erabakia hartu beharrean, gaiaren gaineko erabakia hurrengo bilkura batetarako lagatzea erabaki zuten. Izan ere, alkateak, udal gobernuaren izenean, proposamen sendoa egin zion udalbatzari, “adostasunerako bidea” egin nahian. “Uste dut obligazioa dugula bide bat bilatzeko mutrikuar guztiok asetuko gaituena”.
Gaiari helduta, hortaz, bi bozketa egin zituzten atzokoan: bata, Azpiazuren eskariaren ingurukoa, eta bestea, Bilduren proposamenari erantzuteko. Lehendabizikoari ezetza eman zioten, Bilduren kontrako, EAJren aldeko eta Berdeak+Independienteak taldearen abstentzioarekin. Bilduk ezezko botoa arrazoitu zuen: “Mahai gainean daukagun proposamenak Azpiazuren proposamena gainditzen du. Hori ulertuta, eta guztiok herri galdeketaren puntuan bat egiten dugula ikusita, eman diogu erantzun hori”, zehaztu zuen alkateak. Herri galdeketaz gain, herritarrak informatzeko prozesua eta prozesua kudeatzeko batzorde baten eraketa ere planteatzen ditu Bilduren proposamenak.