
Independentzia enparantzan dagoen erabilera anitzeko kioskoa kudeatzeko prozesua zabaldu du Lekeitioko Udalak. Horretaz gainera, erabilera anitzeko kioskoaren ondoan 55 m2ko terraza bat jartzeko baimena emango dute. Kontratua lau urterako izango da, beste lau urtez luzagarria alde biek nahi baldin badute, eta kontratuaren prezioa urteko 10.000 €koa, BEZ gabe.
Udalak jakitera eman duenez, kontratua urte guztirako izango da, eta lokala egunero irekiko da. Bere ordutegia 07:00etatik 01:00etara izango da. «Adjudikatzaileak, beharrezko neurriak hartuko ditu bere langileek euskaraz hitz egin ahal izateko bezeroei eta kioskoan ipiniko diren kartelak, gutxienez euskaraz idatzita egongo dira», zehaztu du udalak.
Lizitazioaren iragarkia eta baldintzen agiria Lekeitioko Udalaren web orrialdeko Kontratzailearen Profilean egongo dira eskuragarri. Aurkezteko azken eguna martxoaren 18a izango da, 14:00ak arte.