2014 urteko aurrekontuak onartu zituen atzo Lekeitioko Udalak Bilduren aldeko botoekin. Udalak aurkeztutako aurrekontuetan,
650.000 euroko inbertsioak agertzen dira, baina hurrengo baldintza hauek bete beharko dira hauek aurrera eraman ahal izateko: Garabilla garajeetako 18 partzela saldu, Udaleko Gastu Korrontea murriztu, eta beste erakunde batzuetatik diru laguntzak lortu. Inbertsioen atal horrek eragin zuen ezadostasuna EAJ eta Bilduren artean.
Nahiz eta aurreikusten diren inbertsioen alde egon, aurrekontuei ezezko bozka eman zion Lekeitioko EAJ-PNVko taldeak sarreren atala “irreala, puztuta eta seriotasun gabe” eginda dagoela uste dutelako.
650.000 euroko inbertsio horren baitan sartzen dira eskola publikoaren konponketa, Abaroa eremua konpontzea eta kirol instalakuntzen hobekuntza besteak beste. “430.000 euro lortu beharko da Garabilla garajeen salmentatik, eta gure ustez ez da hau aurrekontu serio bat egiteko modua, nahiz eta alkateak, Bilduren modeloa hau izan adierazi”, azaldu duLekeitioko EAJ-k.
Inbertsioak udalak dituen asmoen islada direla azaldu zuen Maitane Larrauri alkateak. Aurrekontuetan 2014an aurrera eraman nahi diren egitasmoak agertzen direla zehaztu zuen. “Dirulaguntza batzuk jasotzeko aurrekontuetan agertu behar baitira egitasmo konkretuak”.
Udalaren asmoa egitasmo guztiak aurrera eramatea bada ere, udalak duen diru kopuruaren arabera joango dira gauzatzen proiektuak. “Ez dugu neurriz kanpoko ezer egingo eta ez gara zorpetuko”, argitu zuen alkateak. Horrela, egitasmoen artean batzuek lehentasuna izango dute, eskola publikoko eta kiroldegiko konponketek esate baterako.
Danetara udalak 7 milioi eta erdiko aurrekontua izango du aurten, Kirol Erakundeak, 745 mila euroko aurrekontua eta Kultur Erakundeak 526 mila eurokoa.