
Denboraldi amaiera arte eduki nahi zuen Getafek Bilbao Athletic-eko atezaina bere taldean. Talde zuri-gorriko arduradunek, baina, nahiago izan dute ondarrutarrak bigarren taldeko atea zaintzen jarraitzea. Bigarren mailarako igoera jokatzeko helburua daukate Cuco Zigandaren mutilek, eta Arrizabalaga pieza oso garrantzitsua da helburu hori lortzeko.
Getaferen interesa Miguel Angel Moya bere atezain titularrak orain dela aste bi izan zuen lesioaren harira etorri da. Athletic-en ezezkoa jaso eta gero, talde madrildarrak Julio Cesar Granadako atezain ohia eskuratu du.
1994an jaioa, Arrizabalaga etorkizun handiko atezaina da. 17 urte azpikotik 21 urte azpikoetara arte Espainiako selekzioagaz internazionala da, eta Lezamako balore seguruenetako bat da alebin mailan bertan sartu zenetik. Athletic-en etorkizuneko atezaina izatera deitua dago.