
Ondarroako portua
Azken denboraleek sakonera aldaketak eragin dituztela ohartarazi du Jaurlaritzak, eta, beraz, jakinarazi du bi portuetako nabigazio-baldintzak aldatuko direla. Hori dela eta, ontziekin portuetara sartzean edo ateratzean tentuz maniobratzeko eskatu du. Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulok azaldu duenez, “denboraleek aldaketak eragin dituzte Bizkaiko portuetan, babes-azpiegituretan zein sarbideko ubideetan, eta horrek ondorioak izan ditzake portuen erabilgarritasunean. Portu-erabiltzaileek arreta-neurri egokiak hartu beharko dituzte”.
Lekeitioko portua:
Porturako sarbidearen eta sarrerako ubidearen sakonerak nabarmen txikitu dira, eta sarbideko zenbait lekutan zundek zero markatzen dute. Dragatu artean, portuko sartu-irtenak itsasgoran eta ubidetik atera gabe egitea komeni da.
Ondarroako portua:
Sarrerako ubideko zundek balio txikiak ematen dituzte sarrerako bihurgunearen izkinako mutiloiaren ondoan, baratokirako noranzkoan. Portuko sarrera-balizaren argi gorria 10 metro mugitu da moilan barrena mutur bateko harri-horma galdu duelako, baina argitasunari eta erritmoari eusten die.
Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendariaren arabera, “egoera aldakorra da izan, itsasertzeko dinamikaren ondorioz. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren portu-arduradunek aldian behingo batimetriak egingo dituzte. Dragatu artean, gutxieneko gobernu-abiaduran nabigatzea komeni da, kontu handiz eta uneoro zundei buruzko informazioa jasoz”.