Argia Ituarte (Ondarroako alkatea): "Ipar kale urbanizatuko dugu"
2014ko udal aurrekontuaren berri eman zuen atzo Argia Ituarte alkateak Kofradia Zaharrean. Ondarroako Udalak aurreikusitako diru sarrerak 9.579.350 euro izango dira, eta sarrera nagusia Udal Kutxatik jasoko da. Gastu nagusienak, berriz, pertsonal gastuei –3.643.885 euro– eta ondasun arrunt eta zerbitzuei–3.199.096 euro– dagozkienak izango dira. Lea-Artibaiko Amankomunazgoari ordaintzekoa izango da partida nagusiena, 946.000 eurokoa, Gaztebiz programa, hondakinen kudeaketa eta gizarte ongizate zerbitzuak ordaintzeko. Inbertsioen atalean, besteak beste, udaletxe zaharreko teilatua konponduko da eta Iperkaleko bidea berritu. «Ipar kale urbanizatuko dugu». 400.000 euro aurreikusten dira horretarako. Martxoaren 27ko osoko bilkuran bozkatuko da aurrekontua.