Bosgarren Udabirra-fest egingo da Amoroton zapatuan. Orain arte egindako modura, egun osoan garagardoen eskaintza zabala egongo da.
Tartean, gainera, Amorotoko
Etxezaharrek egindako garagardoa dastatzeko aukera ere egongo da. «Bi garagardo mota egin dituzte aurten; horia eta gorria», azaldu dute antolatzaileek.
Eguerditik gauera arte
13:00etan egingo da aurtengo Udabirra-Festen irekiera ofiziala.
Urterik urte «jendea gehitzen» ari da festa honetan, eta aurreko urteetan egin bezala, askotariko garagardoak egongo dira aukeran, denetara 13. Amorotoko frontoian «bertoko eta inguruko garagardoez gain, Guiness, Paulaner eta Heineken bezalako marka ezagunak ere egongo dira», gaineratu dute.

Denetik probatzeko aukera egoten da Amoroto jaialdian. «Orain arte, dastaketa moduko bat egin izan du hona urreratutako jendeak, eta, ostean, bakoitzak gustukuena aukeratzen du». Aukeran dauden garagardo guztien artean «arrakastatsuena» Etxezahar amorotoarrek egindakoa izaten da. «Orain arteko egin diren jaialdi denetan, lehenen amaitzen den garagardoa berau izaten da».
Bertoko eta kanpoko hainbat garagardo mota probatzeaz gain, eztarri bustiei laguntzeko txarri okela eta herritarrek egindako saltxitxen pintxoak ere eskainiko dira.
Saio ganberro eta sorpresak
Eguerdiko jan-edanen ostean, arratsalderako hainbat saio antolatu dituzte Amorotoko Kultura taldeko kideek.
18:30ean, barreak bermatuta dituen Arta Nagusi dantza taldearen «saio ganberrue» egingo dute. «Ikusteko oso polita eta barregarria da». Ostean, aurtengo berezitasun eta berritasuna egongo da; Udabarre-Show deritzona. Antolatzaileek ezin izan dute askorik azaldu, izan ere, herriko jendeak antolaturiko show hau «sorpresa» izango da bertako hurbiltzen diren guztientzat. Bukatzeko, 19:30ean, Jokaldi taldearen erromeriarekin amaituko da egitaraua.